Arcelor Mittal Sestao-k eta Harsco azpikontratak 50 langile kaleratu nahi ditu

2016/04/26
Joan den astean Lan-arloko Epaitegiak arrazoia eman zion ELAri, eta Harsco Metals Lycrete-ren etendura-EEEa deuseztatu zuen. Harsco Metals Lycrete kontrata bat da, Arcelor Mittal Sestaorena, eta 50 langileko plantilla du. Eta lan-harremanak normalizatzen saiatu beharrean, Harscoren Zuzendaritzak beste espediente bat aurkeztu du, plantillako langile guztiak kaleratzeko. Argi dago erabaki hori zigor bat izan dela plantillako 50 langileentzat, eta haien etxekoentzat.

Harscok argudiatu duen arrazoia da 2016ko maiatzaren 31n Arcelor Mittal Sestaorekin duen kontratua iraungiko duela. Baina ELAren ustez hori trikimailu bat besterik ez da oraingo plantilla kaleratzeko, eta hemendik aurrera bestelako lan-baldintzak ezartzeko. Arcelor Mittal-en ohiko jardunbidea da plantillei xantaia egitea, eta are gehiago kontratetako plantillei.

Orain dela hilabete bat, ELAk, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Sailaren bilera batean, bitartekari-lana egiteko eskatu zion, Arcelor Mittalek aurpegia eman zezan kale gorrian utzi nahi dituen 300tik gora familien aurrean. Zoritxarrez Enplegu Saila ez da gauza izan Arcelor Mittal Sestao mahai batean eserarazteko.

Arcelor Mittal Sestaok kontratekiko duen iluntzaletasuna ez zen onargarria izan beharko Administrazioarentzat. Arcelor Mittal Sestaok bere kontratak gutxiesten ditu, eta hartu berri duen erabakia —Sestaoko jarduera bertan behera uztekoa— aitzakia ederra da, arrazoi objektiboak baino, Harsco bezalako enpresek beren plantillak zigortzeko.

Harsco Metals Lycreteko plantilla lanpostu guztien alde aterako da. Gauza jakina da Arcelor Mittal Sestaok Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren laguntza izan duela orain arte, ixteko erabakiaren errua tarifa elektrikoari eta dumping-ari botatzeko, baina oraingo honetan 50 familia kalera bidaltzeko erabakia Arcelor Mittal Sestao eta Harsco Metals Lycrete multinazionalen esku dago, ez beste inoren esku.

ELAk eskatu dio administrazioari ez izateko multinazionalen interesen euslea, eta Arcelor-ek Sestaon dituen kontratetako enplegua eta lan-baldintzen duintasuna benetan zaintzeko.