Arcelor Mittalek euskal gizartea gutxietsi egiten du

2016/05/17
Arcelor Mittalek azken hiletan agerian utzi du langileei eta euskal gizarteari oro har dien mespretxua. Aldiz, ELAk eutsi egiten dio Sestao eta Zumarragako lantegiek irauteko aldarriari.

Zumarragako etorkizunari dagokionez, multinazionala bere jarreran gotortuta dago; ez du inola ere lantegiaren etorkizuna aintzat hartu nahi. Enpresa ustezko negoziazioak goitik behera baldintzatzen ari da; izan ere, kasu hau ELAren ustez fede txarreko negoziazio-prozesuaren eredua dugu: Ez du proposamenik entzuten, ezta alternatibarik mahairatzen ere.

Sestaoko lantegiari buruz egin duen iragarpenak islatzen du multinazionalak gizarte honekiko duen errespetu falta: "Plan industrial" deitzea asteburu batzutan lan egiteko asmoari, langile gehienak kaleratu (hauen artean, azpikontratetako guztiak) eta geratzen direnei lan-baldintza askoz okerragoak ezarriaz, zinismo hutsa besterik ez da.

Arcelor Mittalek gutxietxi egiten ditu euskal erakundeak, hasteko Gasteizko gobernua bera. Gure ustez, bada enpresa honekiko jarrera aldatzeko garaia; ardura sozialik ez du erakutsi, eta milaka familia langabeziara eraman ditzake. Benetako industri-politika behar dugu, arlo publikoak ardura soziala duten proiektu industrialen alde egingo duelarik.

Bestalde, ELAk nabarmendu nahi du deigarria dela Confebaskek azken hiletan pairatzen ari garen itxiera planen aurrean mantendu duen isiltasuna. Patronalak herri honetako ekonomia errealari bizkarra eman dio; ez ditu aipatu enpresario txikiak, autonomoak, ezta, noski, langileak ere.

ELAk bere babesa adierazi nahi die berriro borrokan dauden langileei, eta tinko defendituko ditu Sestaoko eta Zumarragako lantegiak.