NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Arcelor-Olaberriako langileen soldatak gutxienez KPIaren arabera igoko dira eta lanaldia murriztuko da

2023/12/19
Arcelor-Olaberriako (produktu siderurgiko luzeak egiten dituen enpresa) langileek, ELAk, CCOOk eta UGTk lortutako aurreakordioa berretsi dute aldeko botoen % 66rekin. Akordio honek 425 langileengan eragina dauka.

Akordioa 2025era arte egongo da indarrean, eta KPIaren soldata-igoera bermatzen du gehi % 0,75ko aldagarria.
Ordaindutako 8 orduko baimen berreskuraezina sinatu da 5. txandako langileentzat, eta 16 ordukoa 2024an eta 32 ordukoa 2025ean gainerako langileentzat. Halaber, antzinatasunaren balioa handitu da, lizentziak eta aseguru-poliza hobetu dira eta ikasketa-bekak berreskuratu dira.
Lanpostu-aldaketetan eta kategoria eta maila handiagoko lanetan hobekuntzak egiteaz gain, 1961ean jaiotako pertsonak errelebu-kontratura igaroko dira, eta hori osatzeko, Olaberriako lantegian enpleguaren egonkortasuna bermatu da.
ELA pozik agertu da akordioarekin. Negoziazio luze baten ondoren, eta nahiz eta zuzendaritzak eduki gutxi inposatu nahi izan, langileen erosahalmena bermatzea eta hobetzea lortu da. Gainera, bizitza pertsonala eta lana modu egokian uztartzeko hainbat hobekuntza lortu dira.