ARDURA POLITIKO ETA SOZIALA (Astekaria, 179 zenb., editoriala)

2006/02/28

Aurtengo martxoaren 8ko aldarri nagusitzat, bizitzaren zaintzan emakumeari egozten zaion neurri gabeko ardurarena aukeratu du ELAk. <p>Bizitzaren zaintza denon kontua da, inondik ere, denok izaten baitugu inoren zainketa edo laguntzaren premia gure bizitzako uneren batean; laguntza edo zaintzarik gabe ez genuke bizitza duina izateko, ez eta, askotan, bizirik irauteko ere aukerarik izango.
Bizitzaren zaintza denon kontua bada ere, argi dago oraindik ere kontu honekiko emakumezkoek eta gizonezkoek bere gain hartzen duten arduraren neurria oso desberdina dela. Hori erakusten dute etxean egiten den zaintza lanaren %80 baino gehiago emakumezkoek egiten dutela dioten datuek. <p>Nabaria da emakumearen lan-merkaturatzeak ez duela eredu patriarkalak ezarritako egitura ezabatu, eta zaintza lanak, oraindik ere, emakumezkoen berezko eginkizun bailiran kontsideratzen direla. <p>
Egoera ez da onargarria; senitartekoen zaintzak emakume asko ordu eta epe gabeko mirabe bihurtzen du, autonomia pertsonal eta profesionala galaraziz eta, sarritan, osasun fisikoa nahiz psikikoa ere arriskuan jarriz.<p>
Injustizia jasanezin honi aurre egiteko, gizonezkoak zaintza lanean inplikatu beharra dago. Are gehiago, zaintzari buruzko ikusmoldea aldatu behar dela dio ELAk: zaindua izateko eskubide unibertsala onartu; zaintza bera, familiaren arazo izatetik gizartearen ardura izatera pasatu; eta, hortaz, menpeko pertsonen zaintzarako behar adinako zerbitzu publikoak ezarri.<p>
Izan ere, pertsonen zaintza sendiaren baitara mugatu eta gizartean duen garrantzia aitortzen ez zaion bitartean, ez zaio arazoari errotik helduko eta emakume asko eta askok behartutako mirabe izaren segitu beharko du.