Arkautek Udaltzainen lan poltsarako euskararen eskakizuna kendu duela salatu du ELAk

2022/11/15
Akademiaren erabakiak hiritarren eta langileen hizkuntza eskubideak ez urratzea udalen esku dago.

Atzo argiratu zen Euskal Herriko agintaritzaren aldizkarian Udaltzaingo lan poltsaren inguruko Polizia eta larrialdietako euskal akademiako zuzendari nagusiaren ebazpena. Bertan, kendu egin da aurreko lan poltsan izen emateko baldintzen artean zegoen euskara eskakizuna.

ELAk salatu nahi du lan poltsako euskara eskakizuna kentzeak honako ondorioa ekar dezakeela: zenbait udaletan euskaraz inolako ezagutzarik gabe udaltzainak lanean aritzea. Hala bada, hiritarren zein langileen hizkuntza eskubideak larriki urratuko dira.

ELAk salatu nahi du Eusko Jaurlaritzaren erabakia, gaurko eta etorkizuneko hizkuntza eskubideak baldintzatuko dituelako. Izan ere, orain lanean hasiko diren langileek baldintzatuko dute datozen urteotako zerbitzua.

ELAk eskaera zuzena egiten die udalei, euren esku baitago urraketa hori saihestea. Horretarako, honako erabakia hartu behar dute: alde batera utzi behar dute EPE eta lan poltsa bateratuaren apustua, hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, behin-behinekotasuna betikotzen duelako eta polizi eredu jakin baten alde egiten duelako. Udal bakoitzak bere EPE eta lan poltsa egin beharko luke. Horrela, udalek aukera izango dute erabakitzeko bai plazen hizkuntza eskakizuna eta hautaketa prozesu guztia.

ELAk helburu hori lortzeko borrokatzen jarraituko du.