"Arnaldo Otegi, Batasunako bozeramailearen espetxeratze agindua alderdien legearen estrategia zaharraren eta eragile politiko eta sozialen kriminalizazioan urrats berri bat da"

2005/05/25

"ELArentzat Arnaldo Otegi hizketakide politiko bat izan eta izango da, gure gizarteko zati batentzat erreferentea den erakunde politiko baten ordezkaria den heinean", azpimarratu du German Kortabarria, ELAko komunikazio arduradunak. Arnaldo Otegi, Batasunako bozeramailearen espetxeratze agindua alderdien legearen estrategia zaharraren eta eragile politiko eta sozialen kriminalizazioan urrats berri bat da.

Azpimarragarria da, duen esanahi politikoagatik, ministerio fiskalak kasu honetan agertu duen grina buruzagi politiko honen baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatzerakoan eta neurriz gaineko fidantza agintzerakoan, zeregin publikoan duen eta bere kabuz behar ziren epaileen aurrean agertu den pertsona bat izanik Arnaldo Otegi. Honen aurrean, berehala askatzea eskatzen dugu.

Giro eta itxaropen berriak iradoki diren arren, euskal gizarteak baieztatzen du ETAK bere tentsio estrategia mantentzen duela eta Estatuak bere aldetik errepresio eta jazarpenarena. Gizartearen itxaropenak ez daitezela zapuztu, behin betiko indar erakustaldiak amaitu daitezela eta elkarrizketa prozesuei hel diezaietela indarkeria eta errepresio zikloarekin amaitzeko behingoz.