Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua

Arrakastatsutzat jo ditu ELAk otsaileko 5 greba egunak, gutxieneko zerbitzuak % 90ekoak izan badira ere

2023/02/17
Zortzi urte daramatzate langileek hitzarmen berdinarekin eta, egoera salatzeko, 70 greba egun egin dituzte dagoeneko. Patronalek eta Udalek hitz egiteari uko egitea eta lan baldintzen okertzea kritikatzen du sindikatuak.

ELAren ustez, onartezina da zortzi urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, patronalek eta Udalek lan baldintzei buruz hitz egin nahi ez izatea. Horrez gain, pertsona erdigunean jartzen ez duen gaur egungo zaintza eredua kritikatu du sindikatuak.

Langileen aldarrikapenen artean, hurrengoak daude: erosahalmena berreskuratzea, arrisku psikosozialen zerrenda egitea, lanaldi osoko lanaldia izatea eta ordubeteko zerbitzuak bermatzea.

Lizitazio publikoak, enkanteen antzera

ELAren ustez, onartezina da Udal askok zerbitzuak murriztu eta lanaldi partzialak areagotu izana. Sindikatuak kritikatu egin du ere lizitazio publikoak enkanteen antza hartzen ari direla eta, handituz doazen partida publikoetatik, dirurik ez dela bideratzen zerbitzua hobetzera ez eta lan baldintzak hobetzera.

Era berean, langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak % 90ean jarri izana. Erabaki horrekin, Gobernuak gatazka minimizatu eta erabat feminizatutako sektorea ikusezin bihurtu baino ez du nahi izan.