Arrasateko alkatea berehala aske uztea exijitzen du ELAk

2008/04/30
Garzon epaileak Arrasateko alkatea den Ino Galparsoro fidantzarik gabe atxilotzeko emandako agindua bidegabekeri hutsa da ELAren iritziz. Neurriz kanpoko erabaki honek, beste behin, interes eta bultzada politikoen menpean dagoen espainiar sistema judizialaren etengabeko erabilera erakusten du.

Bide instituzionalean lortu ez den asmorako, bere prestutasuna agertu dute fiskaltzak eta akusazio partikularrak eta epaileak ontzat eman ditu horiek. ELAren ustetan, inongo bermerik gabe emandako prozedura honek, babes falta sortzeaz gain, zilegitasun politiko osoa duen herritar espresiobide demokratiko baten kriminalizatzeko eta zigortzeko  asmoa dakar.

 

Honelako jokaerak salatzearekin  batera, herri honek bizi duen salbuespen egoerarekin buka dadila exijitzen du ELAk. Bestalde, Ino Galparsoro eta bere ingurukoei ere elkartasuna adierazteaz gain, Arrasateko alkatesaren atxilotzeko agindua bertan behera gera dadin exijitzen dugu.