Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko eguna larunbat honetan

2015/03/19
Larunbat hau, martxoak 21a, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko eguna da, eta ELAk bat egiten du aldarrikapen global honekin. Mundu mailako salaketa honek gure eguneroko ingurunean adierazpen desberdin eta anitzak jasotzen ditu.

Migratzaileek, bereziki emakume eta egoera administratibo irregularrean dauden pertsonek, pairatzen duten apartheid soziala dela eta, lanaren mundua ez da salbuespena. Gure herrietako kale bateko pintada batek mehatxatu egiten du: “lana ez da falta, inmigranteak sobera baizik”.

Horrelako baieztapenek migratzaileen eta hauekin bat egiten duten pertsona eta kolektiboen kriminalizazioa areagotzen dute. Izan ere, gaur egun oinarrizko eskubideka, esaterako osasun publiko eta unibertsala izateko aukera edota Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak bezalako prestazio sozialerako eskubidea, kolokan jartzen ari dira.

Horregatik, ELAk azpimarratu nahi du eskubideak zatitzea, erabakitzea nor den eskubideen jabe eta nor ez, gure elkarbizitzan eta herritartasunean harresiak eraikitzea dela, Giza Eskubideen aurka erasotzeaz gain.