Artiach enpresako langileek 4 orduko lanuzteak egingo dituzte hitzarmena defendatzeko

2021/12/06
Orozkoko Galletas Artiacheko enpresa-batzordearen gehiengoak ( ELA, LAB eta ESK) egunean 4 orduko lanuzteak deitu ditu datozen 3 asteetan (abenduaren 23ra arte), lan-baldintzak hobetuko dituen eta zuzendaritzak ezarri nahi dituen murrizketak jasoko ez dituen enpresa-hitzarmen baten alde. Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hainbat bileraren ondoren, Artiacheko zuzendaritzak soldatak izoztu, plusak eta antzinatasuna murriztu, soldata-eskala desberdinak sortu eta lanaldia eta malgutasuna handitu nahi ditu. Eta hori guztia, nahiz eta azken 3 urteetan 20 milioi eurotik gorako etekinak lortu dituen.

Lanuzteak goizeko txandarako deituta daude, 10: 00etatik 14: 00etara; arratsaldeko txandarako, 14: 00etatik 18: 00etara; eta gaueko txandarako, goizeko 2: 00etatik 6: 00etara. Egun guztiak kontzentrazioak egingo dira lantegiaren aurrean, 13: 30etik 14: 30era.
ELAk, LABek eta ESK-k aurreratu dute borrokak jarraituko duela bidezko hitzarmen bat lortu arte, “gure eguneroko lanarekin sortzen dugun aberastasuna banatu eta langileen lan-baldintzak hobetuko dituena”.