Asier Lazkano, Gernika-Durango eskualdeko Hainbat federazioko arduraduna, auto istripuz hil da

2006/02/24

Asier Lazkano, Gernika-Durango eskualdeko Hainbat Federazioko arduraduna, otsailaren 23an hil zen, autoan kofradia zaharreko moilatik uretara erori eta itota. Asierrek 32 urte zituen; Eunaterekin zegoen ezkonduta, bi hilabeteko haur bat (Ixker), eta ilusioz betetako etorkizun bat aurretik.

ELA osatzen dugun familia handia, eta, batez ere bere eskualdeko eta federazioko lagunak, lur jota gaude albistearen berri izan dugunetik. Lerro hauen bidez, ELAk sindikatu honen elkartasuna eta doluminak helerazi nahi dizkio familia eta lagunei.

Vidrala empresan lanean ari zela hasi zen ELAn militatzen Asier; enpresa horretan gazteek prekarietate egoera larria bizi zuten, eta Asier laister bihurtu zen bere lankideen erreferente bat.

Bere izaera, elkartasunaren eta justiziaren zentzua, gogo, gaitasun eta kompromisoak ez ziren oharkabean pasa, eta duela bi urte ELAk erronka berriak proposatu zizkion. Horrela, sindikatu honen egituran lan egiten hasi zen. Empresa ertain eta txikien federazioan hasi zen. Sartu eta berehala Artxandako tunelen gatazkari aurre egin behar izan zion, besteak beste. Ondoren, Gernika-Durango eskualdera pasa zen, Hainbateko arduradun bezala.

Berarekin lan egin zuten lagunek oso pertsona ona zela aipatzen dute, eta lanean ere sindikalista aparta zela azpimarratzen dute. Horrela, abertzale peto-petoa eta sindikalista gogotsua zela diote. Kirolzale amorratua zen, eta gogoko zuen kirola egitea. Hala ere, bere seme Ixker jaio zenetik, hura zen bere pasioa. Egunero-egunero Ixkerren azken abenturak eta pasadizoak komentatzen zizkien lankideei.

Bere heriotzak, hutsune handia utziko du betiko sindikatu honetan eta sindikatu hau osatzen dugun lagun guztietan.

Adiorik ez, Asier.