Aste latza eskubide zibil eta demokratikoentzat

2008/09/19
EHAK legez kanpo jarri duen sententzia –lehenago EAE-ANV, Amnistiaren aldeko Batzordeak eta Askatasunari buruz emandakoen moduan– parte hartze politikorako eskubide demokratikoaren aurkako eraso guztiz larria da. Hau ere espero izatekoa zen arren, ez da horregatik arintzen espainiar estatuko botere-egituren gabezia demokratiko nabarmena.

ELAren ustez, espainiar estatuak eraiki duen sistema judizialean epaiak jakinak dira prozesua ekiten zaion unetik bertatik, areago sektore politiko baten adierazpideen kontrakoak badira, sektore hori milaka herritarren botoak legitimatu izanagatik ere; ondorioz, joera politiko bat bizitza politiko normaletik baztertuta geratzen da. Nahikoa agerian dago ere sententzia horiek izan duten bultzada politikoa, eta datozen hauteskundeetarako kalkulu jakin baten ondorio direla.

Horrek guztiak islatzen du espainiar estatuan demokrazia zein eskasa den, inondik ere inguruko europear estatuekin homologatu ezinezkoa gertatu arte. Alderdien Legea, PSOE eta PPren arteko burdinazko legearen fruitua eta herri honetan indar politiko gehienek eta gizarteak oro har arbuiatu dutena, demokraziaren aurkako erabakiei itxura legala emateko baliatzen dute.

ELAk onartezina deritzo demokrazia batean alderdi politikoak legez kanpo uztea; ezin du ere ametitu estatuak erakunde armatu baten itzala hainbat eta hainbat erakunde eta talde politiko, sozial edo kulturalen gainera hedatzea, gero taldeok legez kanpo jartzearren.

ELAk arbuiatu egiten du eskubide demokratikoak horrela urratzea; hartara, Bilbon datorren asteazkenerako, irailak 24, goizeko 11etan bilkura bat deitu du Moyua plazan, Gobernu Zibilaren parean.