Irailaren 20an emakumeok Legebiltzarraren aurrean mobilizatuko gara Bizkaiko zahar-etxeetako grebalariei elkartasuna adierazteko

2017/09/18
ELAren iritziz gatazka hau lan gatazka baino gehiago da, gatazka feminista, soziala eta erabat politikoa da. Izan ere, jokoan dagoena gizarte honetan behar-beharrezkoak diren zaintza lanen antolaketa eredua da. Egungo ereduan, zaintza lanak esparru pribatuan emakumeek egiten dituzte edo esparru publikoan enplegu prekarioaren bidez. Zaintza lanei ez zaie dagokien balio ekonomiko eta sozialik aitortzen, eta gainera negozio iturri bihurtu dira sektore honetan diharduten enpresentzat.

Irailaren hasieran greban geunden langileok geure harridura eta haserrea adierazi genuen Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuen proposamena zela eta: hirugarren urtez jarraian, eta gutxienez 2018 amaieraraino, plaza bakoitzaren prezioa itunpeko agirietan izoztea, eta langile-ratioak ez aldatzea. Esan genuen ere proposamen hori Aldundiak esandako moduan gauzatzen bazen Bizkaiko zahar-etxeetako gatazka laboral eta sozialean berriro atzerapauso bat gertatuko zela.

Bada, arduragabekeriaz, Aldundiak berretsi egin du bere erabaki larria, eta honek galarazi egiten du lan-baldintza prekarioak eta zerbitzu publiko eskasa hobetzeko aukera; hala aitortu dute patronalak eta Foru Aldundiak berak.

Gainera, erabaki horrek indartu egiten du sektoreko hiru patronalek inposatzen duten erabateko blokeoa, eta oztopatu egiten du, are gehiago, akordiora iristea; bestalde, uztailaren hasieran Diputatu Nagusiak esandakoari tonu zinikoa ematen dio, ulergaitza baita: orduan esan zuen “soldatak hobetzeko garaia iritsi da”, eta Bizkaia “zahartzeko leku ona izan zedin” lortu nahi zuela; haatik, itunduta dauden ia 3.000 oheen prezioa murriztu egin du.

Baina hiru patronalek (GESCA, ELBE eta LARES) eta Bizkaiko Foru Aldundiak uste badute erabaki honengatik borrokari uko egingo diogula, gauza bat esan nahi diegu argi eta ozen: 300dik gora egunez greba egin ostean nekatuta gaude; oso nekatuta. Baina era berean oso argi ikusi dugu arrazoia geure alde dagoela, eta ez dugula etsiko gure aldarrikapenak (35 orduak, 1.200 euroko soldata eta langile gehiago) kosta ahala kosta gauzatu arte, sektoreko ia 5.000 langileentzako lan-hitzarmen sektorialean bermatu arte.

Greba zer puntutan dagoen ikusita, ELAk bere mobilizazioak indartu egingo ditu, sindikatuarentzat oso borroka garrantzitsua delako.

Gatazka hau lan gatazka baino gehiago da, gatazka feminista, soziala eta erabat politikoa da. Izan ere, jokoan dagoena gizarte honetan behar-beharrezkoak diren zaintza lanen antolaketa eredua da. Egungo ereduan, zaintza lanak esparru pribatuan emakumeek egiten dituzte edo esparru publikoan enplegu prekarioaren bidez. Zaintza lanei ez zaie dagokien balio ekonomiko eta sozialik aitortzen, eta gainera negozio iturri bihurtu dira sektore honetan diharduten enpresentzat. Horixe da greba honekin lortu nahi dena: zaintza lanak duintzea, gizartean izan behar duten tokia ematea eta lan baldintza duinetan egitea, zerbitzu beraren kalitatea hobetzeko.

Irailaren 20an ekitaldi berezi bat egingo dugu: ELAko emakume militanteen manifestazioa antolatu dugu Gasteizen. Mobilizazioa emakume guztiei irekita egongo da eta mugimendu feministaren babesa ere izango dugu.

Zergatik emakumeon manifestazioa?

- Gatazka honek dituen genero osagaiak eta irakurketa feminista indartzeko. Emakumeak direlako dituzte lan baldintza prekarioak, eta emakumeak direlako ez da konpondu oraindik gatazka.

- Gatazka honetan erresidentzietako emakumeak bakarrik ez daudela irudikatzeko. Emakumeen arteko elkartasuna irudikatu nahi dugu eta genero berdintasunaren aldarrikapena lehen mailan kokatu.

- Erresidentzietako gatazkan emakumeak espazio publikoan tokia hartzen joan dira, benetako ahalduntze prozesuak bizitzen ari dira. Ekintza honekin indartu egin nahi dugu boteretze hau eta emakumeei protagonismo osoa eman, andreok geure behar eta interes propioak definitu eta defendatzeko gai garela irudikatzeko.

Manifestazioa Gasteizen izango da 10,45etan. Oraingo honetan, Bizkaitik haratago eraman nahi dugu gatazkaren sozializazioa. Bizkaiko Diputazioa da greba honi irtenbidea eman behar diona, baina oinarrian dagoen arazoa arazo orokorragoa da: gizarte honek nola heldu behar dion zaintzaren antolakuntzari eta erakunde publikoek duten ardura zuzena gai honetan. Izan ere, zaintza kalitatezko zerbitzu publikoen bidez bermatu behar dela aldarrikatu nahi dugu eta gizartearentzat guztiz funtsezkoak diren zerbitzu hauek lan eta bizi baldintza duinekin egitea ezinbestekoa dela. Grebalariei ere noski, babes osoa ematearekin batera.