LAneko heriotzak

Astebetean lau langile hil dira lan-istripuz Nafarroan

2024/01/18
ELAk elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 23an Nafarroako Gobernuaren parean ezbehar-tasak markak hausten jarraitzen duela salatzeko. Enpresek prebentzio-araudia sistematikoki urratzen dute, eta Gobernuak uko egiten dio ikuskapen-bitartekoak handitzeari, Elkarrizketa Sozial ez-eraginkor baten alde eginez.

Urtarrilaren 10ean, lehen sektoreko langile bat hil zen Funesen, nekazaritza-lanetan ari zela. Astelehen honetan, urtarrilaren 15ean, beste langile bat hil zen altueratik erorita, etxebizitza bateko estalkia eraberritzen ari zela, Arribeko udalerrian. Hurrengo egunean, hirugarren langile bat hil zen Azkoiengo Industrias Bardi-ko bere lanpostura zihoala, eta atzo bertan, garraiolari bat hil zen N-121-A errepidean, Cadreitan, beste ibilgailu baten aurka talka egin ostean.

Iazko azarotik abendura bitartean, guztira bost pertsona hil ziren lan-istripuz, gehienak altueratik erorita edo harrapatuta, erabateko prekarietate-egoeran lan eginez, eta oinarrizko segurtasun-neurriekin erraz saihets zitezkeenak. Nafarroak laneko ezbeharrek markak hausten jarraitzen dute, azken aldian etengabe hazten ari diren eta mugarik ez dutela diruditen tasekin.

Egoera horren atzean patronalaren zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea daude. Enpresek 30 urte daramatzate prebentzio-araudia sistematikoki urratzen, eta Gobernuak beste horrenbeste egiten du ez-betetze horiek kontrolatzeko beharrezko bitartekoak jartzeari uko eginez. Nafarroan, istripu hilgarrien eta larrien erdiak segurtasun-neurri faltagatik gertatzen dira, eta lan-ikuskaritza kolapsatuta dago langile faltagatik.

Horregatik eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari behingoz uko egin diezaiola laneko segurtasun eta osasunari buruzko Elkarrizketa Sozialaren politikei, utz diezaiola diru publikoa Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura ez-eraginkorrera bideratzeari, eta berreskura dezala behingoz lan-ikuskaritzaren eskumena, Europako jarraibideak betez honen plantilla hirukoizteko, eta Nafarroako enpresa eta lantokietan sistematikoki gertatzen diren ez-betetzeak behar bezala kontrolatzeko.