EAEko espetxeak

Astebeteko greba partziala deitu du ELAk ekainaren 9tik 15era

2025/05/28
Eusko Jaurlaritzak kudeaketa bere gain hartu eta lau urtera, 295 lanpostu bete gabe daude oraindik, nahiz eta barruko pertsonak %40 igo diren, eta lan baldintzak okertu dira.

Duela 6 urte baino gehiago, 2021eko urrian espetxeen transferentzia amaitu aurretik, ELAk Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zizkion bere ustez euskal espetxe-ereduaren oinarriak izan behar zirenak. Gobernuari aurkeztutako dokumentuan, sindikatuak adierazi zuen transferentzia ezin zela izan kudeaketa-erantzukizunen lekualdatze hutsa, baizik eta berezko espetxe-politika bat garatzeko gaitasuna eman behar zuela, askotan deshumanizatuta, kolapsatuta eta legeak berak ezartzen dituen birgizarteratze-helburuak gauzatzeko ezgai den Estatu-ereduaz bestelakoa.

Sindikatuak zigor-betearazpenerako eredu publiko, gizatiarrago baten alde egiten zuen, hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun politikak integratuko zituena, eredu euskalduna eta gure herriaren idiosinkrasiarekin bat zetorrena. Guztia helburu batekin: birgizarteratzea.

Horretarako, giza baliabide eta baliabide material egokiak eskatzen zizkion ELAk Eusko Jaurlaritzari, bai eta premien araberako azpiegitura batzuk ere, araubide arrunteko betetze-zentroekin eta araubide irekiko gizarteratze-zentroekin lurralde historiko bakoitzean.

Transferentziatik lau urte igaro ondoren, sistema hobetu beharrean, egungo errealitateak ezaugarri hauek ditu: ereduaren zehaztugabetasun kezkagarria, espetxeetako gaitasunak gainditzen dituen barne-biztanleria kopurua, langile-falta larria eta lan-baldintzen narriadura, zeinak birgizarteratzea eragozten baitu eta langileen eta presoen segurtasuna arriskuan jartzen baitu.

Sailaren itxikeriaren aurrean eta langile kolektiboarekin asanblada ugari egin ondoren, ELAk beharrezkotzat jo du mobilizazioetan beste urrats bat ematea eta astebeteko greba partziala deitu du, egunero hiru orduko lanuzteekin, 13etatik 16etara, datorren ekainaren 9tik ekainaren 15era. Sailak honako aldarrikapen hauei behar bezalako erantzunik ematen ez badie, mobilizazioekin aurrera egingo duela ohartarazi du sindikatuak:

  1. Sindikatuekin, gehienez ere 6 hilabeteko epean, Lanpostuen Zerrenda (LPZ) berri bat adostea, EAEn dauden zentroen idiosinkrasia (Gipuzkoakoa barne) eta barruko biztanleriaren behar errealak kontuan hartuko dituena, birgizarteratzea azken helburua izanik.
  2.  Akordio hori lortu bitartean, berehala kontratatu behar dira Justizia Sailak berak ezarritako LPZko 886 lanpostuak betetzeko langileak.
  3. LPZ adostu ondoren, eta behin-behinekotasunaren amaitzeko, LPZn adostutako beharrak beteko dituen LEP bat negoziatu eta adostu behar da, beranduenez 2026. urtea amaitu baino lehen.
  4. Sindikatuekin lan baldintzen akordio bat hitzartu: Lau urte igaro eta gero, langileek plantillaren aldarrikapenak betetzen dituen behin-betiko lan baldintza gabe jarraitzen dute.
  5. Espetxeko lanaren balorazio ekonomikoa: Espetxe-administrazioan egiten diren lanen garrantzia, zailtasuna eta erantzukizuna kontuan hartzea. Behin betiko balioespena egiten den bitartean, talde guztientzako osagarri berezi bat eskatzen dugu.
  6. Plantillako langileei prestakuntza bermatu behar zaie. Horretarako, beharrezkoa da Euskal Espetxeetako Ikasketa Eskola bat berehala sortzea, espetxeko langile berrien prestakuntza teoriko praktikoa egiteko eta egungo langileen gaitasunak birziklatu eta handitzeko. Baita euskara ikasteko plan espezifikoak eta eraginkorrak eta EAEko espetxeetan euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko neurriak ere.
  7. Indarrean dagoen legeria betetzen duen ordutegi eta txanden erregimena: Sindikatuekin ordutegien eta txanden araubidea adostea, lan-osasunaren arloan indarrean dagoen legeria errespetatzeko eta, orain arte bezala, lanegun amaigabeak –Lan Ikuskaritzak berak salatu eta baztertu dituenak– eragozteko.
  8. Instalazioak hobetzea: Oro har, eta bereziki sukaldeetakoak, langileen segurtasuna eta presoen elikadura-segurtasuna arriskuan jartzen duten gabezia handiak baitituzte. (Adibidez, Zaballako sukaldean uholdeak izan dira)
  9. Laneko segurtasun eta prebentzio politika: Ikastetxeetako arazoei erantzuna emango diena, besteak beste, erasoak eta gatazkak ugaritzea eta emakumeek jasaten duten diskrimazioarekin amaituko duena (NBEak...) .
  10. Eskubide sindikalen bermea: Sarrera eta lokalak dituzte plantillako ordezkarientzat, espetxe bakoitzeko zuzendaritzek ezartzen dituzten muga eta debekurik gabe.

Irakurri txostena hemen