ELAk greba mugagabea proposatuko du irailean Bizkaiko zahar-etxeetan

ELA izan da grebaren dei-egilea, eta oso ontzat jo ditu greba-egunak, erantzuna oso zabala lortu baita, eta gero eta egoitza gehiago eta langile gehiago batu izan dira grebara. Azken greba-deialdian Bizkaiko 30 egoitzarik handienetatik %75 batu dira, eta langile gehien-gehienak atxiki zaizkio grebari. ELAk ordezkaritza duen gainerako egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan erantzuna oso nabaria izan da baita ere.
Dena dela, 18 greba-egun egin badira ere, sektoreko hiru patronalek (GESCA, LARES, ENBE) eta BFAk ez dute negoziazio-borondaterik agertu. Sektoreko hiru patronalek ez dituzte oraindik aztertu langileen eskariak; eta bitartean, langileek nekez eutsi ahal diote arreta-kalitateari, lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira-eta. Bestalde, Gizarte Ongizateko ahalduna patronalaren ikuspuntuaren alde azaltzen da oraindik ere, eta ez du bilerarik egin grebaren sindikatu dei-egilearekin. Gogoratu beharrekoa da zerbitzu hori Aldundiak finantzatzen duela %70ean, eta Aldundiaren ardura dela zerbitzu unibertsala eta kalitatezkoa bermatzea egoitza guztietan.
Egoera larri horren aurrean, ELAk mobilizazioak bultzatzen jarraituko du, eta greba mugagabea deitzeko aukera aztertuko du irailean. Helburua langileen eskakizunak betetzea da: astean 35 orduko lanaldia, soldata-igoera duina, ratioak eta lan-kargak arintzea, baja-osagarria hobetzea eta lizentziak berraztertzea.