Astebeteko mobilizazioen eta borrokaren emaitzak jadanik ikusgai daude industrian
Azken asteotan horrelako blindajeak onartu dituzten enpresak ugalduz joan dira egunetik egunera; hona hemen, besteak beste: Tornillería Lema, Galvisa, Cartonajes Jabar, Selac, AAF, Radiadores César, Corteprid, Ikusi, Calderería César e hijos, Flujoma, Amcor, Rhenus, eta Pepsico-Tafalla.
Enpresa horien artean bai batzordedunak, bai enpresa txikiak daude. ELAren ustez sindikatuak batez ere enpresa txikietan aritu behar dira, ETEetako langileak ere blindatu ahal izateko.
Poztekoa da ELArentzat beste sindikatuen jarrerak aldatuz doazela ikustea, eta haien aldetik azkenean onartzea langileak babesteko modurik onena berariazko klausulak dituzten enpresa-hitzarmenak direla. Tamalgarria da, baina, erreformaren gordintasuna ikusita, urte eta erdi hartu behar izatea horretaz konturatzeko, 2012ko otsailerako hain agerikoa zelarik.
ELAk behar diren antolamendu-aldaketak egin ditu, negoziazio kolektiboaren aldi berriari aurre egiteko; zeren aurrerantzean eduki oneko hitzarmenak sinatzea bezain garrantzitsua hitzarmenak bete beharrekoak izatea bermatzen duten klausulak sartzea da. Borroka enpresetan erabakiko da; beraz, ezinbestekoa izango da bertan sindikalismo jakin baten lan eraginkorra egitea, jasaten ari garen egoera izugarria onbideratzeko gauza izango den sindikalismoaren jarduna, alegia.
ELAk berriro aldarrikatzen du bere asmoa: lan-erreforma Hego Euskal Herriko enpresetatik kanpo uztea. Industria eta Eraikuntza Federazioaren esparruan 150etik gora enpresa blindaturik daude dagoeneko. Borrokaren eta antolamenduaren bidetik hasitako ibilaldia geldiezina da.