Joan den asteburuko atentatuak salatzeko elkarretaratzea deitu du ELAk

2008/09/22
ELAk arbuiatu eta gaitzetsi egiten ditu asteburuan ETAk burutu dituen atentatuak Gasteizen, Ondarroan eta Santoñan. Horien ondorioz Luis Conde hil, zenbait herritar zauritu eta kalte material ugari sortu dira.

Lehenengo eta behin, ELAk bere elkartasunezko dolua eman nahi die Luis Conderen senideei eta lagunei, baita agertu ere atentatuetan zauritu diren guztiei gure lehenbailehen sendatzeko nahia eta gogoa.

Ondarroaren kasuan atentatuaren larritasuna are handiagoa izan da abisurik ezagatik; hori horrela, argi geratu da atentatuaren benetako helburua zein zen, nahiz eta zorionez ez den gertatu. Horregatik, Ertzaintzako kide guztiei ere gure elkartasuna adierazten diegu hemendik.

ELAk berriro eskatzen dio ETAri borroka armatua behingoz uzteko. Alde horretatik, esan behar dugu ETA alferrik dabilela, gure gizarteak nahi duen garapena bide demokratikoetatik doala, eta atentatuak gizartearen oinarrizko bizikidetzaren kaltetan doazela.

Herri honen eskubideak ez dira zaintzen indarkeria eta mehatxua erabiliz; alderantziz, gure herrikide guztiak erakarri behar ditugu, borondateak batu behar ditugu eztabaidaren bidez, eta konponbide politikoen esparru batean.

Atentatu horiei egiten diegun muzina jendaurrean agertzeko, ELAk dei egiten du bihar, asteartez, irailak 23, Bilboko Plaza Borobilean elkarretaratze bat egiteko.