Astelehenean, ekainak 1, Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako greba mugagabea hasiko da

Ekainaren 1ean ELAk Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroen sektorean deitu duen greba mugagabea hasiko da. Greba deialdi hau apirilaren 26an Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) egin eta sindikatuek onartutako proposamenaren araberako akordioa ez duten zentroetan egingo da.
Gaur arte 50etik gora zentrotan (30 egoitza eta 20 eguneko zentro) dagoeneko akordioa itxi da, GFAren proposamenak jasotzen zituen edukiekin.
Azken astean bost zentro gehiagotan lortu da hitzarmena (4 egoitza eta 1 eguneko zentro bat): Tolosako Udal Egoitza, Elgoibarko San Lazaro Udal Egoitza, SAR Quavitaek kudeatzen dituen bi egoitzak (Villa Sacramento eta Berra) eta Urretxuko eguneko zentroan.
ELA nagusi den edo pisu handia duen hainbat zentrotan oraindik ez dago akordiorik:
-
EULEN: 7 egoitza (Bergara, Oñati, Ordizia, Andoain, Hernani, San Juan de Zumaia eta Irungo Ama Xantalen) eta eguneko 7 zentrotan (Zumaia, Zarautz, Andoain, Elgoibar, Hernani, Antzuola eta Elgeta).
-
CLECE: 2 egoitza (Lasarteko Atsobakar eta Eibarko Egogain).
-
GUREAK: Errenteriko Sanmarkosene egoitza.
-
AITA MENNI: Arrasateko udal egoitza eta Oñatiko eguneko zentroa.
-
GURUTZE GORRIA: Donostia eta Irungo zentroak.
-
Donostiako Hogar San José de la Montaña, Nª Sª de la Paz eta San Ignacio egoitzak.
-
Mutrikuko Mikel Deuna egoitza.
-
Legazpiko eguneko zentroa, Hakeruk kudeatzen duena.
Greba deialditik kanpo geratu dira Matia Fundazioa eta Zorroaga Patronatua, negoziazio prozesu berezia baitute, sektoreko egoitzetatik autonomoa.
Halaber, egoitza batzutan beste sindikatu batzuri dagokie akordioa bilatzea: Oiartzun, Zarautz, Sanitas Donostia, Sanitas Lazkao, Zestoako Gisasola, etab.
ELAk dei egiten die akordiorik lortu ez den zentroetako enpresei hau posible egin dezatela, gatazka lehenbailehen bukatze aldera. Salatu beharrekoa da enpresa hauek ez dutela beste batzutan iritsitako akordioaren modukorik eman nahi, denetan egingarria izanagatik ere; enpresa batzuk beren langileei erabateko blokeoa besterik ez diete eskaintzen, horrela gatazka gogor eta luze bati ekitera behartuaz, langileei zein erabiltzaile eta hauen senideei.
Bada kontu berirren bat: Bi hilabete luzez ezkutuan egon ondoren, ADEGI berriro agertu da, eta GFAren proposamena baztertu egin du; ekainaren 4rako mahai sektoriala deitu du horren ordez. Bilera hau deitzea, kasualitatez GFAn gobernua aldatzera doanean, berandu eta tokiz kanpo dator: Areago, bere helburua akordioak ixteko aukera eragoztea da; honek sektoreko gatazka gaiztotu egingo luke. ELAren ustez ADEGIren jarrera da akordiorik nahi ez duten enpresei babesa ematea, sektoreko langileek dagoeneko erdietsi dituzten eduki garrantzitsuak kentzea, eta Gipuzkoako egoitzen sektorean dauden gehiengoei iskin egitea. Hipotesi hau berretsiko balitz, ELAk ADEGIren aldean hautatzen dutenekin aurrez aurre jarriko da.
ELAk dei egiten die soldatak eta baldintza sozialak hobetzeko akordiorik sinatuta ez duten sektoreko langile guztiei greba deialdi honekin bat egin dezaten. Lan-baldintza duinagoak lortu nahi dituzten langile guztien alboan egongo da ELA.