Astigarragako Cotronic-eko langileek 12 greba egun egin dute enpresak ezarri nahi duen lan baldintzen aldaketaren aurka

2022/11/04
Astigarragako Cotronic enpresako langileek 12 greba egun egin dute gaur, enpresak ezarri nahi duen Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketaren aurka. Movistarreko azpikontrata den enpresa honek, ezarri nahi duen LBFAak, astean 5 egun lan egitetik 6 egun lan egitera pasatzea suposatuko luke, larunbatetan lan egin beharko luketelarik inolako ordainsaririk gabe. Honez gain jaiegunetan guardian egotera behartu nahi dituzte langileak, eta zerbitzurik sortuko ez balitz ez litzateke soldatarik ordainduko. Amaitzeko dieten kobroa ezabatu eta lanaldi zatitua ezarriko luke aldaketak.

Honen aurka, langileek salaketa jarria dute eta horrez gain pasa den Urriaren 24an greba mugagabe batekin hasi ziren. Gaur, 12. greba eguna burutzen dutelarik.

Grebaren helburua langileen lan-baldintzak bermatzea da, izan ere, enpresak planteatzen dituen aldaketek, langileen bizi kalitateari eta kontziliazio pertsonal eta familiarrari zuzenean eragiten dio.

ELAk argi du bai Cotronic bai Movistar direla plantillaren prekarizazioaren errudunak, baita aldebakartasunez lan-baldintza batzuk inposatzearen errudunak ere, hau da, langileak beti enpresaren esanetara izatea eta langileen lan-eskubideak murriztea.