Tolosako Asunción klinika

Asuncioneko langileak lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren eta ospitale berriaren bestelako eredu baten alde mobilizatzen jarraitzen dute

2023/05/25
Asunción klinikako langileak, hilabete honetan 3 egunetan lanuzteak eta 7 greba egun burutu dituzte euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan. Gaur langileek asanblea egin dute, eta erabaki dute ekainean eta irailean mobilizazio eta greba egun gehiago egitea.

Asuncion klinikak Tolosaldeako herritarrei zerbitzu publikoa ematen die, eskualdeko ospitale bezala funtzionatuz. Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetan eman den KPIa kontuan hartuta, %12,2eko erosahalmena galdu dute. Langileak gero eta pobreagoak dira, eta honek, ezinbestean, zerbitzuaren okertzea dakar. Hitzarmen berriarekin, besteak beste, galdutako erosahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak ezarri eta 35 orduko lan astea lortu nahi dute.

Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko benetako borondaterik, eta greba zapuztu nahian abusuzko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egin ditu, nahiz eta epaileak arrazoia langileei eman dien.

Urteetako bai langileen, eta baita herritarren aldarrikapenei esker, Tolosan eraikiko den ospitale berriaren Plan Funtzionala ezagutu berri da. Plan funtzional honek, eraikiko den ospitalea eta eskualdean emango den osasun zerbitzua nolakoa izango den ezartzen du, eta azterketa zorrotzago baten faltan, honakoa salatu behar da:

  • Hospital berriaren langileen beharrak ezartzen dituzten taulan, agertzen diren kategoria ezberdinen artean, sukalde edo garbitasuneko langilerik ez da agertzen.

  • Asuncion ospitalean 333 langile daude gaur egun lanean, eta ospitale berriak 320,5 langile behar dituela diote, dagoeneko OSIan dauden 56 langileri, beste 264,5 gehituta. Ez da esaten zer gertatuko den Asuncionekin, ezta bertan dauden langileekin ere.

  • Gaur Asunción klinikan ematen diren zerbitzu guztiak emateko asmorik ez daukate, plan funtzionalak ingresoa izan dezaken edozein zirujia ezabatzen baitu, besteak beste. Ez da kirofanoetaz ezer esaten. Inguruko beste eskualdetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ere ez dira agertzen, obstetricia eta urjentzia pediatrikoak adibidez.

Ospitale berrirako aldarrikatzen diren hiru ezaugarrietatik bat bera ere ez da betetzen, eta beraz, Eusko Jaurlaritzari plana aldatu dezala eskatzen diogu, baita ere egingo diren udal hauteskundeetan Tolosan eta eskualdeko udal gobernuek, ospitale berriak izan behar dituen ezaugarrien alde lan egingo duten konpromezua eskatzen diegu:

  • %100ean publikoa izatea

  • Zerbitzu guztiak dituena

  • Gaur Asuncionen dauden langile guztiak bertan egotea