Atarrabiako Solidus San Andres enpresako greban langileak legearen kontra ordezkatzen ari direla salatu du ELAk

2022/11/09
Sindikatuak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan, greban dauden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik. Gaur hasiko da greba mugagabea, urritik egin diren lanuzteen ostean.

Atarrabiako Solidus San Andrés paper fabrikako plantillan LABeko 4 ordezkari, ELAko 3 eta 2 independente daude. Urriaren 7tik ELAk deitutako lanuzteak egiten ari dira, gutxienez KPIren pareko soldata igoerak izango dituen enpresa hitzarmen kolektibo bat lortzeko.

Enpresak langileak pobretzeko proposamenari eusten diolako negoziazioak aurrera egiten ez duenez, ELAk greba mugagabea deitu du gaurtik aurrera.

Lanuzteen eta langileen erosteko ahalmena bermatzeko grebaren aurrean, enpresako zuzendaritzak emandako erantzuna greban dauden langileak legearen aurka ordezkatzea izaten ari da, eta hori salatu du ELAk Lan Ikuskaritzan.

Gogoratu behar da Solidus San Andresek egoera ekonomiko oso positiboa duela: 17,4 milioi euro banatu ditu dibidenduetan azken 4 urteetan (horietatik 3 milioi azken urtean banatu dira), eta fakturazioa 12 milioi euro hazi da azken urtean, 62,2 milioi euroraino. Gainera, soldata kostua enpresaren kostu guztien %15,4 baino ez da, eta, beraz, plantillari KPIren araberako soldata igoera bermatzea enpresak inolako arazorik gabe bere gain har dezakeen zerbait da.

ELAk deitoratu egin du gainerako enpresa batzordeak enpresarekin bat egitea erabaki izana, grebak arrakastarik izan ez dezan. Mobilizazioen eta grebaren aurka sinadurak bildu izan dituen enpresa zuzendaritza batekin lerratzea tamalgarria da.

ELAk soldaten aldeko borroka berresten du, beharrezkoa denean grebara joz, horretarako erresistentzia kutxaren tresna erabiliz.