Atez ateko bilketak gehiengoaren babesa

2010/03/03
Otsailaren 27an eta 28an Usurbilen zabor bilketa ereduaren inguruan egindako herri kontsultaren balorea azpimarratu nahi du ELAk.

Herri kontsulta honetan botua eman zezakeen populazioaren %70ek parte hartu du, udal hauteskundeetan izan zena baino altuagoa. Herritarrek beraien eredua aukeratzerakoan izan duten inplikazioaren eta errespontsabilitatearen adierazle da parte hartze altu hau.

ELAk oso positibotzat jotzen du gehiengoaren aukera atez ateko zabor bilketa eredua izatea. ELAk esan zuen moduan, sistemarik eraginkorrena da eta horrekin bat egin du gehiengoak. Iritzi hau garaile izateak garrantzi gehiago dauka botere ekonomiko, politiko eta mediatikoaren jarrera ikusita. Beraiek egin duten presioa izugarria izan da baina herritarren borondatea indartsuagoa.

Azken urtean praktikan jarri den atez ateko zabor bilketa ereduak jendeak birziklatzeko kontzientzia izatea eragin du eta horren adibide dira jaso diren emaitzak: atez ateko zabor bilketa ereduak botuen %55 jaso ditu eta 5. kontenedorearen ereduak %42. Atez atekoa eredua eraginkorrena den arren eta 5. kontenedoreak organikoen birziklapen tasa baxuagoa duen arren, emaitza hauek erakusten dute botu emaileen %98 inguru kontzientziatua dagoela zaborraren arazoaren inguruan.

Erraustegiarekiko ELAk duen jarrera guztiz kontrakoa da. Orain, Usurbilgo atez atearen esperientziak erraustegia beharrezkoa ez dela eta alternatiba dagoela baieztatu du. Horregatik, ELAk atez ateko zabor bilketa Euskal Herri osora zabaltzeko eskaria egiten du berriro, eta errausketaren inguruan dauden planak bertan behera uzteko eskatzen du.