Atxiloturiko lau pertsonak berehala askatzea exijitzen du ELAk

2015/03/25
Guardia Zibilak gaur goizean eta herrialde ezberdinetan atxilotu dituen lau pertsonak askatzea exijitzen du ELAk. Operazio hau berrestera dator ELAk joan den urtarrilean esaten zuena; alegia, estatuko gobernuak erabaki duela jomugan jartzea euskal preso politikoekin zerikusia duten eragile kolektibo ezberdinak: abokatuak, kolektiboa bera, Etxerat, Jaiki Hadi edota Sare, lehen Herrira-rekin egin bezala.

Operazio hauek presoak oraindik gehiago isolatzea dute helburu, nahiz eta egun isolatuak eta zigortuak dauden zuzenbidearen aurka eta gizalegeari inongo begirunerik gabe bideratzen den presondegietako politikagatik.

Antolaketa kolektibo hauen aurkako erasoak bat datoz Alderdi Popularraren herentzia absolutistarekin. Gainera, zoritxarrez, 2011ean PP eta PSOEk sinaturiko Itun Antiterrorista babestu zuten horien laguntza izaten jarraitzen du, bai eremu instituzionalean zein hedabideetan, arlo judizialean, politikoan eta polizialean.

ELAren ustez, bestalde, atxiloketa hauek atzo Arnaldo Otegiren askatasuna eta euskal presoen hurbiltzea eskatzeko aurkeztutako nazioarteko ekimeneko testuinguruan kokatu behar dira. Aldarrikapen hau guztiz bat dator Giza Eskubideen Europar Epaitegiarekin, zeinak presoen dispertsioa eta urrutiratzea intimitatea eta bizitza familiarraren aurkakoa dela iritzi dio. PPko gobernuak modu honetan bere hauteskunde-kanpaina elikatzen du, demokraziaren aurka eta iritzi zaharkituenei helduaz, Euskal Herrirako irtenbideen agenda ukatuz. Hauteskunde garai hauetan, PPk operazioak erabiltzen ditu jendartearen iritzia baldintzatzeko eta bere politika okerraren ondorio lazgarriak elektoralki aldatzeko.