Atzerritarren legearen eta gizarte eskubideen murrizketen aurka konzentrazioa

2011/12/16
Bihar, larunbatean, abenduak 17, arratsaldeko 17,00etan, Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean, Eskuz Esku Plataformak (Euskal Herriko etorkinen, errefuxiatuen eta bertako elkarteen plataforma) abenduaren 18an, pertsona etorkinen nazioarteko eguna dela eta, atzerritarren legearen eta gizarte eskubideen murrizketen aurka konzentrazioa egiteko deialdia egiten du

Herriaren hiztegian topikoak ez dira nolanahi sortzen, ez behintzat era inozentean. Topikoak zerbaitegatik hedatzen dira, interes oso jakinen arabera, eta horren xedea nahasmena sortzea da, are gehiago oraingoa bezalako krisi larri batean; ez dute nahi jendea jabetzerik bizi dugun atzeraldi soziala benetan zergatik gertatu den.

Topiko eta salaketekin pertsonarik ahulenak estigmaz markatuta geratzen dira, baina gainera (sarri nahi gabe bada ere) boterea legitimatzen da. 

Langileok aski dakigu horretaz, baina gure artean agian immigranteak dira dardo pozoituen eta salaketen jomuga behinena. Nork ez du honelako esaldirik entzun: “Zergak urte askotan ordaindu ditut eta lehentasuna dut”; “merezi gabe, dena ematen diete”; “bere trasteak hartu eta joan bitez”; “gogaitu egiten naute”; “ez naiz eurekin fio”; “eurek baino gehiago merezi dut”; “lana kentzen digute”; “eurengatik egoera okerragoan nago”; “segurtasun eza ekarri zuten”; “ez dut zertan euren txirotasuna jasan behar”; “orain etxekoentzat baino ez dago lanik”...

Honelako esaldiak bidegabeak eta oinarririk gabeak izanik, kezkatu egin beharko ginateke diskriminazioaren kultura gure gizartean errotzen ari delako.

Hau diogu jarrera horrek gazte jendearen eta haurren ikuskeran eragina duelako, hots, nork bere beldurrak immigranteengan husten dituelako. Zer nolako ametsak eraikiko dituzte gure seme-alabek horrela? Zer amets, nagusitzen dena berekoikeria, diskriminazioa, xenofobia, arbuioa, zatiketa, beldurra, bazterketa edo solidaritaterik eza bada?

Horrelako osagaiekin ez dira ametsak sortzen, amesgaiztoak baizik. Haatik, beste zerbaitek beldurtu beharko gintuzke: gizarte zatituak, izutuak, edota atzeraldi sozialaren benetako ardura nork duen ikusteko gauza ez den jendarteak, atzeraldi horrek Euskera Herrian milaka lagun kolpatzen dituen langabezia, txirotasuna eta eskubide murriztuak ekartzen dizkigularik.

Zatikatzen eta ahultzen gaituen diskurtsoa onartuz gero, ezinezkoa izango da gure gizarteak bizi dituen arazoei aurre egitea. Beste ikusmolde bat hedatu behar dugu tabernetan, haur-parkeetan, ikastetxeetan, lantokietan, dendetan, txokoetan eta elkarrekin bizi garen edozein gunetan: besteekiko topaketa, bizikidetza, beste horien azala edozein koloretakoa dela ere, jatorria beste nonbait izan badute ere.

Horregatik, arazoaren zergatiaren bila alferrik gabiltza immigrazioa gatazkagai bihurtuz gero. Benetako gatazka soziala da, eta ez gaurkoa, antzinatik baitator; klaseen arteko gatazka historikoa areagotzen ari da gobernuen erabakien poderioz, euren kezka guztia bankuen eta enpresa handien exigentziei men egitea baita.

Arazoaren iturburua okerreko lekuan bilatzea nahi dute, eta ez dezagula aintzat hartu milaka emakume eta gizonen ekarpena, beren herri eta senideak halabeharrez utzi eta orain Euskal Herria hobetzeko ahaleginean ari baitira.

Horregatik, gure ustez bi konturi buruz gogoeta egitea dagokigu: lehena, aniztasuna.