Atzo auto batek harrapatuta hildako langilearen heriotza salatzeko kontzentrazioak

2006/01/10

ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek atzo Itziarren hildako langilearen heriotza salatu dute gaur goizean Bergarako biribilgunean. Bilkuraren helburua hildako senideei elkartasuna adierazi eta ezbehar berri hau salatzea izan da. Kontzentrazioa berriz ere errepikatu da eguerdiko 12tan; kasu honetan, Gipuzkoako Diputazioaren egoitzaren aurrean.

Sindikatuek atzoko lan istripua salatu nahi izan dute, eta istripu horren inguruko ardurak eskatu. Atzo goizaldean 56 urteko langile bat hil zen Itziar eta Deba arteko errepidean garbiketa lanak egiten ari zela, auto batek harrapatuta, Itziarreko gasolindegiaren inguruan. Hildako laguna sindikatu honen afiliatua zen, eta Union Temporal de Empresas-eko langilea. Enpresa horrek Zerbitzu Elkartea eta Grupisa azpikontratak biltzen ditu, eta lan hori egiteko Gipuzkoako Diputazioaren kontzesioa du. Ezbehar hau gertatu aurretik ere, ELAk makina bat aldiz salatu du Gipuzkoako errepideen mantenu lanetan diharduten lagunek istripu bat izateko duten arrisku handia. Izan ere, bertan lan egiten duten lagunak prebentzioaren kontrola oso txikia duten azpikontratetan dihardute.

Duela urtebete inguru antzeko egoeran beste langile bat hil zela gogorarazi nahi du ELAk; ezbeharraren ostean, ELAk errepideetako mantenuaz arduratzen diren enpresen inguruko kontrol handiagoa izan zezan eskatu zion Gipuzkoako Diputazioari. Gainera, arlo honetan dagoen prekarietatearekin amaitzea ere eskatu zion. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioa da horrelako lanen emakidak ematen dituena. Langileek gogor salatu zuten arlo honetan diputazioko arduradunek erakutsi zuten konpromiso falta; gauzak horrela, hainbat kontzentrazio ere egin zituzten egoitzaren aurrean. Era berean, arlo honetako azpikontratazioa eta lan arriskuen prebentzioa jorratzeko ELAk egindako bilera eskaerari erantzun gabe jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak.