Jaurlaritzaren aurrekontuek krisia bera larriagotuko dute

2009/09/10
Eusko Jaurlaritzaren 2010rako aurrekontuen ildoak ikusirik, krisitik atera ordez bera larriagotu egiten dutela salatu du ELAk.

ELAk Jaurlaritzaren aitzakien bitartez, autogobernuari uko egiten diola salatu  du gaur Bilbon Adolfo Muñoz, idazkari nagusiak eta Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak emaniko prentsaurreko batean.  
Era honetan, 2010rako gizarte-gastua itxuraz gehitzea eskatu du sindkatuak.

Eusko Jaurlaritzak 2010ko aurrekontuetan gastua %6 jaisteko eman dituen argudio teknikoak faltsuak dira, ELAk salatu duenez.

Jaurlaritzak dio defizitak legez gehienezko muga bat daukala ezarrita, BPGaren %2,5; diru-bilketa gutxitu egin denez, “halabeharrez” 2010ko gastua ere murriztu beharra omen dago, 2009ko aurrekontuekiko.

 

Halere, ELAk argi utzi du legez ez dagoela halako mugarik. Zer da erabiltzen den aitzakia?

  • Estatuko Zerga- eta Finantza-Politikaren Kontseiluak (Espainiako gobernuak eta autonomi-erkidegoek osatua) erabaki zuen autonomi-erkidegoen aurrekontuetako defizita 2010an gehienez BPGaren %2,5koa izango dela; 2011an %1,7, eta 2012an %1,3. Hots, gobernuen arteko borondatezko erabaki politiko bat da; Jaurlaritzak Kontseilu hartako kide den heinean aintzat hartzen du, baina muga gobernuek ezarri diote euren buruei.
  • Aurrekontuen Egonkortasunerako Legeak Kontseilu hari ahalmen hori aitortzen dio, baina amaierako laugarren xedapenean ere badio “lege hau EAEn aplika-tzerakoan ez da Kontzertu Ekonomikoaren Legean jasotakoaren kaltetan” izango; beraz, estatuko Kontseiluan ezarritako muga ez da ezinbestean EAEn aplikatzeko; Jaurlaritzak ez dauka inondik ere aintzat hartu beharrik.

 

Horrenbestez, honako ondorioetara iritsi da ELA:

 

  1. 1.-   Eusko Jaurlaritzak berak erabaki du aurrekontuak murriztea.
  2. 2.-   Jaurlaritzak ez dio gizarteari egia esaten, inongo legetan ez baita borondatezko muga hori agertzen. Horrela aurrekontuei dagokienez autogobernuari uko egiten dio.
  3. 3.-   Beste aukera batzuk ere posible lirateke: legea aldatzea, diru-sarrerak gehitzeko iruzur fiskalaren aurka borrokatzea, edota azken urteetako zerga-politikaren aurkakoa egitea, kapital-errentek eta aberatsenek gehiago ordain dezaten.
  4. 4.-    Aurrekontu-politika Europako Batasunekoa baino murriztaileagoa da; EBn on-tzat eman dute defizit publikoarentzako ezarrita zegoen muga, BPGaren %3, gainditzea. EBan muga hori legez ezarrita dago, baina orain saihestea erabaki dute. Berton, ordez, Eusko Jaurlaritzak berak ezartzen dio muga bere buruari.
  5. 5.-    2010rako aurrekontuen ildoak ikusirik, 2009 urtearekiko gastua %6 jaitsiko da, eta krisitik atera ordez bera larriagotu egiten dute (sektore publikoaren egitekoa mugatuta); gizarte-gastua murrizten dute (ezinezkoa da aurrekontu txikiagoekin azpiegituretako, Ertzaintzako eta gizarte-babeseko gastua gehitzea, dioten legez), eta enpleguari ere kalte egingo diote (baliabide gutxiago dagoenez, lanpostu gutxiago sortuko dira ekonomian).

 

Hauxe da Jaurlaritzaren benetako aurrekontu-politika; bitartean, krisiaren aurkako sasi-planak aurkezten dituzte, eta plan horien punturik garrantzitsuenak ez dira zehazten. Gainera, ez da gizarte-babesa edo eskubide sozialak hobetzeko neurririk agertzen, eta diruz oso eskas hornituta daude.