Eusko Jaurlaritzak inoizko aurrekonturik injustuen eta antisozialenak aurkeztu ditu

2013/03/12
Eusko Jaurlaritzak 2013rako Aurrekontuen proiektua onartu eta aurkeztu du. Hauek euskal administrazioaren historian inoiz egin diren aurrekonturik injustuen eta antisozialenak dira. Edukia beldurgarria da; inoiz ez zen halako doikuntzarik erabaki.

Kopuruak argigarriak dira. Denera 1.132 milioi euro murriztu nahi dute (%10,8), besteak beste 295 Hezkuntza eta Zientzian (%10,1eko jaitsiera), 278 Enplegu eta Gizarte-Politiketan (%25,9 gutxiago), eta 143 Osasun sailean (%4,2ko murrizketa).

Aurrekontuok oinarri baten gainean egin dira, eta oinarri hori oreka sozialerako tokirik uzten ez duen politika neoliberalari men egitea da (propagandak kontrakoa sinestarazi nahi duen arren). Aurrekontu hauek gizarte mailan kalte handia eragingo du: langabezia, pobrezia eta desberdintasuna areagotuko dira. Horixe ari da gertatzen politika hauek ezartzen diren toki guztietan.

Urkulluren gobernuak bere egin du defizitarekiko obsesioa, eta Rajoyk inposatutako muga onartzen du (%0,7 aurtengorako). Gainera, murrizketek izan dezaketen alternatiba fiskalari ez dio heldu nahi. Presio fiskala Europako batez besteko mailatik askoz beherago dago (7 puntu, hots, 4.400 milioi € gutxiago); presio fiskal honek errenta altuei, kapital- eta enpresa-errentei egiten die mesede, eta ez dago iruzur fiskalari jazartzeko borondaterik. Finean, zerga-politika aldatzeko borondaterik ez dago.

ELAk salatu egin nahi du sarri oharkabean pasatzen den kontu bat: EAEko hiru ogasunen arteko zerga-politikan ez dago apenas alderik. Zerga-politikaren arduradunentzat -guztientzat, nahiz eta jarrera erretorikoan berdinak ez izan- helburua ez da presio fiskala Europarekiko hurbiltzea. Hau, areago egungo egoeran, jasanezina bilakatzen da.

Murrizketak ez dira egiten politikan alternatibarik ez dagoelako; zergatia beste bat da: agintzen dutenen hautua da krisi honetatik klase xeheak pobreago irtetea.

ELAk bi puntutan berretsi egiten du bere jarrera:

  • Ez dago arrazoirik mundu sindikalak politika honi babesa eman diezaion. Hala gertatuko balitz, ez da inondik ere edukien baitan azaltzeko moduko erabakia izango. Politikari uko egiteak, edota politika kapitalaren interesen arabera erabakitzeak, “elkarrizketa soziala” izendatzen duten horren ezein aukera baliorik gabe uzten du.

  • Politika aldatzekotan mobilizazio sozialaren ondorio izango da. Mobilizazioarekin alternatibak plazaratu behar ditugu eta klase politiko guztia interpelatu beharra dago. Gaur Lehendakaritza aurrean bildu gara egungo politikentzako alternatiba bat proposatzen dugun beste sindikatu eta gizarte-mugimenduekin. Xede berarekin, “Enpleguaren eta eskubide sozialen alde” alegia, eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatzeko, ELAk eta mobilizazio hau deitu dugun beste erakundeok dei egiten diote euskal gizarteari, batik bat langile-klaseari, datorren larunbatean, hilak 16, Bilbora joan dadin; han arratsaldeko 5.30etan Jesusen Bihotzeko plazatik abiatuko da manifestazioa.