Aurpegia eman eta bere erantzukizunak aintzat har ditzala eskatu dio Elorrietak Zapaterori "La Naval"en auzian

2004/09/15

Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak gaur berriro azpimarratu du La Naval ontziola ixteko erabakia hartuta dagoela, eta Bilbon joan den igandez Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak langileen ordezkariei esandakoak elektoralismo hutsa direla gaineratu du. Elorrietak esan duenez, milaka langileren etorkizunarekin jokatzen ari dira; Zapaterori aurpegia eman eta bere erantzukizunak aintzat har ditzala eskatu dio.

ELAko idazkari nagusiaren arabera, ontziola zibilak pribatizatzea eta ixtea gauza bera da, eta gogoratu duenez PSOEren agintaldian itxi zen Euskalduna ontziola ere: "Enpresa publikoei buruzko politiken ondorioz, beti Euskadin egoitza dutenak itxi dira; erabakiak politikoak eta hauteskundeetako beharrizanen araberakoak izan dira".