Aurreakordioa Arkema lantegian

Arkemako langileek egin duten bidea oso gogorra izan da -Zaramillotik abiatuta milaka kilometro Bilbora, Gasteiza eta Parisera-, baina merezi izan du. Multinazionalen erabakiei aurre egitea ez da bat ere erraza, eta kasu honetan Arkema Frantziak erreforma laborala alde batera utzi eta beharginekin akordioa iritsi behar izan du.
Zaramilloko lantegia ixteko asmoa zutela jakinarazi zigutenetik erakundeen babesa eskatu izan dugu, eta orain oso balorazio desberdinak egin behar ditugu. Batetik, Eusko Jaurlarizako Enplegu sailak lan egin du gatazkari irtenbide bat emate aldera; baina bestetik, ez Bizkaiko Foru Aldundiak, ez Industria sailak, ez diete langileei babesik eman. Irailaren 9tik hona, hots, Arkemaren erabakia ezagutu genuenetik, Industria sailburua ez da behin ere bildu enpresa-komitearekin, eta bere saileko baten bat behin besterik ez. Urritik hona ez dugu Bizkaiko Aldundiaren berririk izan. Haatik, oraindik ere garaiz daude lanpostuak mantentzeko lanean hasteko, izan ere, sinatu den akordioaren zati bat Arkemaren konpromiso bat izan baita: erraztu egingo dio sarrera interesa izan dezakeen edozein inbertitzaileri.
Akordioa bi puntutan laburbil daiteke:
-
Arkemak onartu egin du enpresa-komiteak, ELAk, Arkemak eta Jaurlaritzak batzorde bat eratzea , enplegua mantentze aldera beharrezko urratsak egiten jarrai daitezen; helburu horrekin, Arkema Frantziak idatziz hitz eman du interesa duten enpresa guztiei borondate oneko tratua emango diela. Hau garrantzitsua da, Arkemak aukera hau ez baitzuen sekula onartu. ELAk eta Zaramilloko komiteak berresten diote Industria sailari lantegiarentzako etorkizun industrial bat egingarria dela.
-
Akordio soziala:
-
52 urtetik gorakoentzat erretiro aurreratuak, 63 urte bete arte, batez beste soldaten %70arekin; 55 eragindako pertsonetatik 16ren kasua izango da.
-
14 langilek 2016ko abenduaren 31ra arte jarraituko dute.
-
Arkema taldeak Katalunian, Frantzian eta Italian dituen lantegietan birkokatu egingo dira langile batzuk; lehen hiru urteetan laguntza jasoko dute etxebizitza ordaintzeko, lan-baldintzak mantenduko zaizkie, eta langilearen borondatez kalteordaina jasotzeko urtebeteko bermea izango dute.
-
Lan egindako urteko 59 eguneko kalteordaina, gehienera jota 48 hilabete izango direlarik.
-
Kaleratzeak exekutatzeko eguna martxotik 2015eko ekainaren 30era arte atzeratuko da.
Patronalik gogorrenaren interesak geldiaraztea zein gaitza den jakinik, ELAk akordio honetarako funtsezkoa jotzen du honakoa:
-
Arkemako langileek borrokatzeko hartu zuten erabakia; soilik behargin bakoitzak eta bere senideek dakite horrek zenbateko samina dakarren; halere, ez dute inoiz etsi.
-
ELAko afiliatuen solidaritatea, grebak iraun duen hilabeteetan greba-kutxan islatu dena.
-
Gatazka nazioarteratu izana; beste enpresa-komite batzurekin harremanetan jarri gara gure borrokan babes gintzaten.
-
ELAk egindako lan tekniko-juridikoa; honek enpresa derrigortu egin zuen bere lehen EEEa erretiratzera, emandako argudio guztiak banan-bana eraitsi baitziren.
-
Erreforma laboralaren arabera, enpresa honetan eman beharreko kalteordainak 2,5 milioi euro izango ziratekeen; aurreakordioari esker, Bizkaian 11 milioitik gora geratuko dira.
Borrokak beti merezi du, eta Arkemako familien borroka kontutan izateko eredua dugu; multinazionalek ere amore ematen dute lan eta eredu sindikala zintzoa bada sufritzen ari diren langileekin.