Aurreko hilabetean baino 1.333 langabetu gehiago Hego Euskal Herrian
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratu berri dituen abuztuko datuek Hego Euskal Herrian 197.536 pertsona langabezia egoeran erregistraturik daudela zehazten dute; horietatik 155.769 Euskal Autonomi Erkidegokoak dira eta gainontzeko 41.767ak Nafarroako Foru Erkidegokoak.
Horrela, aurreko hilabetean baino 1.333 pertsona gehiago daude langabezian, nahiz eta joera ezberdina eman den bi erkidegoetan: EAEn langabe kopuruak gora egin du 1.896 pertsonatan, Nafarroan 563tan jeitsi den bitartean. Iazko abuztuarekin alderatu ezkero, 17.854 pertsona gutxiago daude langabezian izen emanda: 4.435 gutxiago Nafarroan eta 13.419 gutxiago EAEn.
Gazteen langabeziari dagokionez, 13.804 gazte langabe daude HEHn, iazko abuztuan baino 1.617 gutxiago. Gazteen arteko langabezia %10,5 murriztu da azken urtean, langabezia maila orokorra %8,3 jeitsi delarik.
Erabilgarri dauden azken datuak ikuskatuz, ekaina amaierakoak hain zuzen, Hego Euskal Herriko langabezi tasa %15,2an kokatzen da; hala ta guztiz ere, Europar Batasuneko ehuneko altuenetakoa dugu langabezi mailan, eta murrizketa honek ez gaitu lekuz aldatu kontinentearekin alderatuz: soilik Estatu espainiarrak, Kroaziak eta argitaratzeke daukan Greziak dituzte langabezia tasa altuagoak.
Kontratazioari dagokionez, datuak kezkagarriak dira benetan: abuztuan egindako kontratuen %95a baino gehiago aldibaterakoa da (gazteen kasuan tenporalitatea ia %97koa izan delarik). Kontratu gehien egin dituen ekonomi arloa zerbitzuena izan da (kontratu guztien %73,5 egin baitu), tenporalitate handiena duena lehen sektorea izanik (%97,8koa) eta gutxien duena eraikuntza (%93). Prekarietateari dagokionez, Europako batezbesteko mailatik oso urrun gaude, batez ere partzialitateari dagokionez.
Gainera, azpimarratu beharra dago uztaileko datuen arabera langabezia egoeran zeuden pertsonen %55ak baino gehiagok ez zutela inolako prestaziorik jaso, eta jasotzen dutenek gero eta kopuru murritzagoak lortzen dituztela. Zehazki, Hego Euskal Herrian langabe dauden 88.292 pertsonek jaso dute prestazioren bat uztailean eta horretarako 87.589.000€ bideratu direlarik; beraz, langabe bakoitzeko prestazio gastua 443,41€ izan da uztailean.