HEZKUNTZA NAFARROA

Aurreko ikasturteko grebei berriro ekin gabe ezin izango dela presiorik egin Hezkuntzako mahai sektorialean

2024/01/18
Sindikatuak greben aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du, eskubideak lortzeko beharrezko tresna gisa.

ELAk urtarrilaren 22ko bilerara eramango ditu berriro sektoreko langileen aldarrikapenak, nahiz eta Hezkuntza Departamentuak gaur arte ez duen bere burua negoziatzera behartua ikusi. Departamentuak, sistematikoki, horrelako bilerak erabili ditu sindikatuak entretenitzeko eta ratioen murrizketan, erosteko ahalmenaren berreskurapenean edo lan-gainkargaren murrizketan balizko aurrerapausuak geldotzeko. Askotan frogatu da indar sindikalen ekarpenak ez direla aintzat hartu hainbat gairi buruz antolatu dituzten bilera zein lantaldeetan.

Bi greba deialdiren ondoren soilik lortu genuen Hezkuntza Departamentua mahai negoziatzaile batean esertzea. Zoritxarrez, bertan esan zitzaigun ezin zela hezkuntzara bideratutako gastua handitu, beste behin ere, 2023 urterako onartuta zeuden aurrekontuetan eragitea ezinezkoa zela aitzaki bezala jarriz. Ez gara berriro tranpan eroriko. Ez gaude prest edukirik gabeko bilerak baliatuz, Gobernuari aurrekontuen tramitazioa pasatzen uzteko aukera emateko, hezkuntzan beharrezkoa dena inbertitu gabe.

Honenbestez, gure eskubideak hobetzeko benetan eraginkorrak diren presio dinamiketara batzera gonbidatzen ditugu hezkuntza komunitatea eta indar sindikal guztiak, greba kasu. Honela, guretzako ere eraginkorrak diren beste negoziazio foroak berandu baino lehen aktibatzea lortuko genuke eta ez genieke Hezkuntzako arduradunei, beste behin ere, aurrekontu-berme ezaren aitzakia baliatzen utziko merezi dugun egoki ornitutako, kalitatezko eta behar bezala ordaindutako hezkuntza ukatzen utziko.