nafarroako aurrekontuak

Aurrekontuak ez du Nafarroako Gobernuaren ardurapeko lan gatazken konponbiderik eta lan istripuen aurkako benetako neurririk jasotzen

2024/10/25
Estatuari egindako ekarpenak, zor publikoaren ordainketak eta itzaleko bidesariak aurrekontuaren laurdena jaten dute, eta osasun gastuak BPGrekiko pisua galtzen du eta hezkuntzak Europako parametroetatik urrun jarraitzen du.

Nafarroako Gobernuak 2025eko Aurrekontuaren Aurreproiektua aurkeztu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan. Lehenik eta behin, ELAk salatu du Gobernuak ez duela interesik aurrekontuak egiteko prozesua benetan parte hartzailea izan dadin. Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bilera legeak ezartzen duen prozedura hutsa da. Bertan Gobernuak aurrekontua aurkezten du eta horri egindako kritikak eta ekarpenak ez dira kontuan hartzen.

Nafarroako 2025eko aurrekontuari dagokionez, nabarmentzekoa da pisua galduko duela ekonomia osoarekiko, izan ere, BPGa % 4 handituko dela aurreikusten da (termino nominaletan), eta aurrekontua, berriz, % 2,6 soilik. Horren arrazoia da, besteak beste, arau fiskalek (gastu muga ezartzerakoan aplikatzen direnak) eta erreforma fiskala egiteari uko egiteak baldintzatutako aurrekontua dela.

ELAren iritziz, ezinbestekoa da zerga erreforma sakona egitea. Hala ere, iaz gertatutakoa aurrekari kaskarra da: PSNk, Geroa Baik, Contigo Zurekin alderdiak eta EH Bilduk adostutako erreforma fiskalak UPNren oniritzia jaso zuen, eta alde bozkatzea ere iragarri zuen, nahiz eta azkenean ez zuen egin Iruñeko Udalaren zentsura mozioagatik.

Aurrekontuaren edukiari dagokionez, hauek dira ELAren iritziz nabarmendu beharreko alderdiak:

  • Estatuari egindako ekarpena ia % 60 handitu da (874,5 milioi euroraino), eta zorra eta itzaleko bidesariak % 54,7 handitu dira 2020tik. Gastu hauek aurrekontu osoaren 4 eurotik 1 suposatzen dute.

  • Osasunean aurreikusitako gastuak pisua galdu du BPGrekiko (28,1 milioi euro adina). Hala, osasunean eta hezkuntzan egindako gastua Europako parametroetatik urrun dago oraindik.

  • 2022an berreskuratu ziren elkarrizketa sozialeko erakundeekiko praktika klientelarrak mantentzen dira. CEN, UGT eta CCOO sindikatuek gutxienez 1,2 milioi euroko finantzaketa publikoa jasoko dute, Enplegu Planaren barruan kudeatzen dutenaz gain.

  • Ez da bermatzen etxebizitzarako eskubide efektiboa, eta etxebizitzako inbertsioa guztiz eskasa da. Soilik aurrekontuaren % 0,2 (14,1 milioi euro) alokairuaren bidez emantzipatzeko laguntzetara bideratzea aurreikusten da (Emanzipa eta David programak).

Gainera, ELAk nabarmendu du 2025eko Nafarroako Aurrekontuaren Aurreproiektuak ez duela aurreikusten Nafarroako Gobernuaren ardurapean dauden lan gatazkak konpontzea. Hezkuntzan, urriaren 29an beste greba egun bat dago deituta baldintzak hobetzeko. Erresidentzien sektorean 22. greba eguna egin berri da hitzarmenaren alde, eta Gobernuak enpresen eta putre funtsen alde egiten jarraitzen du. Osasunbidean diskriminaziorik gabe langile guztientzako karrera profesionala ez da jasotzen, eta Ogasuneko produktibitate osagarriaren auzia ez da konpontzen.

Azpimarratzekoa da ere ez dela beste partidarik aurreikusten ikuskapenak eta laneko ezbeharren aurkako prebentzioa areagotzeko, nahiz eta 2024an 17 pertsona hil diren lan istripuz.

Horregatik guztiagatik, ELAk balorazio negatiboa egin du Aurrekontuen Aurreproiektuari buruz, eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bileran, gizarte berdinzaleagoa eta gizarte beharrei erantzungo dien aurrekontu politika aldarrikatu du.