Aurrekontuek langabezia eta pobrezia gehiago ekarriko dute
ELAko gizarte politiken arduradun Mikel Novalek oso irakurketa ezkorra egiten du aurrekontu-proiektuen inguruan. “Aurrekontu hauek langabezia eta pobrezia handitzea besterik ez dute eragingo. Aurrekontu-proiektuak murrizketez beterik datoz, eta askoz diru gehiago bideratzen da zorra ordaintzera gastu sozialera baino. Onartezina da hori”.
Aurrekontuez gain fiskalitatea ere aztertuko da Labriteko ekitaldian. Gai honen inguruan ere ELAk aldaketa sakona eskatuko du.
“Bi gaiak, aurrekontuak eta fiskalitatea, guztiz lotuta daude. Gure administrazioek aurrekontuak aurkezten digutenean beti gauza bera esaten digute: hau da dagoena eta honekin konpondu beharra dago”.
“Argudio hori –esan du Novalek– guztiz gezurra da. Europar Batasuneko bataz-bestekoaren presio fiskala izango bagenu gure administrazioek milaka milioi gehiago izango lituzkete”.
Bestalde, Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak, nagusiak kritika gogorra egin zion gure agintarien “biolentzia instituzionalari”, hartzen dituzten erabakiek eta ezartzen dituzten politikek dituzten ondorio sozial larriekiko arduragabekeriagatik; pobrezia da hauen halabeharrezko ondorioa. ELAko buruak salatu zuenez, “ez dute inoiz deusen ardurarik, eta inork ez du egindakoagatik ordaintzen”.
Txikiren arabera, bizitza politiko eta instituzionalean gezurra, ustelkeria eta inpunitatea nagusi dira, estatuan eta Hego Euskal Herrian. “Esaten digute ez dagoela dirurik hezkuntzarako, osasunerako edo gizarte-politikarako, baina beste 30.000 milioi jarriko dituzte bankuei laguntzeko. Politikak gezurra inolako lotsarik gabe esaten du. Estatu honetan ustelkeria afrikar diktaduretan baino larriagoa da; ez da ezer egiten jazartzeko -hor dugu iruzur fiskala-, eta inoiz polizia edo epaileren batek ezer egin nahi badu, baztertu egiten dute berehala”. Gainera, jarraitu zuen Txikik, “publikoaren aurrean diote ustelkeria txarra dela... besteen ustelkeria.
Bestalde, Muñozek salatu zuenez, gobernuan zein alderdi dagoen gorabehera, “funtsezko erabakietan bat datoz; politikak zentzua galdu du”, eta horren adibide gisa aipatu zuen EAJ-PSE-PPren arteko aurrekontuei buruzko ituna. "EAJkoek diote itun hau ez zaiela ezer kostatu, eta PSEren arabera, berriz, Jaurlaritzaren politika goitik behera aldatu dute. Zinez, PPk babesa eman die aurrekontuok bereak direlako, Rajoyrenak, eredu fiskalari dagokionez eta zor publikoa ordaintzea lehentasuna delako. Konstituzioa erreformatu zutenen aurrekontuak dira hauek. Horregatik ez du ulertzen UPNk Nafarroan sozialistek babesik ez ematea; honekiko UPNk arrazoia du”. ELAko buruak salatu zuen boterean dauden alderdiek politika neoliberalak egiten dituztela, gizartea desegituratu, demokrazia suntsitu eta desberdintasunak areagotuz.
ELArentzat soldatak eta enplegua dira lehentasuna. CEOE harrotuta dago, ziur baitago legeak eta auzitegiek geratzen diren eskubide urriak bertan behera utziko dituztela. Horregatik, ez daukate ezer negoziatu beharrik; botere judizialaren menpekotasuna Laminaciones Arreguiko epaiarekin agerian geratu da, Txikiren esanetan.
Beste erreforma bat, laborala eta negoziazio kolektibokoa, bidean omen da; botere ekonomikoaren hurrengo helburua gizarte-prestazioak kentzea da. Horregatik, esan zien Labrit frontoian bildutakoei, “badaukagu nahikoa lan”.
Mezua argia da: bestelako politika publikoak egingarriak dira, eta beste gizarte eredu baten alde borrokatzen ari garenok, baita ELAk ere, alternatiba eta alternatibak baditugu horretarako. Izan ere, ELAko idazkari nagusiak esan zuen gezurrik maltzurrena baita esatea beste politika bat egitea ezinezkoa dela, “horrela hil egiten baita jendearen ilusioa”. Txikik sindikalista izatearen harrotasuna aldarrikatu zuen, baita Mandelaren eredua aipatu ere (bere herrian sinetsi eta borroka egin zuen, apartheida garaitu eta gero adiskidetzea ere ekarri zuen).