HEZKUNTZA NAFARROA

Aurrekontuetako euro bakar bat ere ez da erabiliko irakasleen lan baldintzak hobetzeko

2024/02/19
Joan den ikasturtean sektorean egindako mobilizazioen ondoren, Departamentuak aldarrikapen bat bera ere aurrekuntuetan haintzat hartu ez izana azpimarratu du.

Duela bi aste, Nafarroako lehendakariak Sarriguren BHIko handitzea inauguratu zuen, ELA sindikatuak sarreran eta irakasleek barruan egindako protesten aurrean. Orain, Sesmako ikastetxe berria aukeratu du, azpiegituretan inbertitzen ari den arren, Gobernuak, beste behin ere, aurtengo aurrekontuetan irakasleen eskaerei jaramonik egiten ez diela ezkutatzen saiatzeko.

Unibertsitateaz kanpoko irakasleek joan den ikasturtean bi greba egun egin zituzten arren, badirudi hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak ez direla lehentasuna Nafarroako Gobernuarentzat. 2024ko aurrekontuetan, zentimo bat bera ere ez zaio bideratu aspalditik bere egoera okerrera doala ohartarazi duen kolektiboari.

Orain arte aurkeztutako datuak ikusita, badirudi aurrekontuetako hezkuntza-gastua handitu den zatia azpiegituretan hainbat hobekuntza egiteko izan dela soilik. Hezkuntzan, beste arlo askotan bezala, ontzia garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da edukia, ikasleak eta irakasleak, alegia.

Azken mahai sektorialean Departamentuari sindikatu guztiek aurkeztutako eskaerak argiak ziren: ratioen jaitsiera lineala, erosahalmenaren berreskuratzea, lan-gainkargaren murrizketa eta plantillen egonkortasuna. Erantzuna, aldarrikapenei gutxi gora beherako zifrak jartzea, aldarrikapenak neurrigabetzat jotzea eta sindikatuei etxeko lanak jartzea izan zen, eskatzen zena justifikatzeko eskatzeaz gain. Hau da, administrazioak ez zuen aurrerapen-proposamenik egin.

ELAren ustez, honek guztiak agerian uzten du hezkuntzaren kalitatearen mesedetan irakasleen baldintzak hobetzeko dagoen borondate falta. Uste dugu Nafarroako Gobernuak oraindik aukera duela kolektibo horri emandako tratua zuzentzeko, 2024rako aurrekontuetan egindako eskaerak gehituz eta, horrela, negoziazio-aldi sendoagoa irekiz.