Aurrerapausuak Haurreskolako hitzarmenean

2008/07/03
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek 2007-2009 epealdirako Haurreskoletako hitzarmena sinatu dute uztailaren 3an. Honela amaitu da zalantzaz josita egon den negoziazio prozesu luze bat; izan ere, enplegu eskaintza publikoak (EEP) enplegu egonkorra sustatu behar bazuen ere, bera plazaratzeko moduak hezitzaileengan kezka eta egonezina eragin baitzuen.

Langileek, sindikatuek eta batik bat ELAk akordioari ongi irizten diote, ondoko arrazoiak medio:

1.- 2008an 500 langileentzako egonkortasun prozesu bati ekingo zaio, hain zuzen prekarietate handia jasanez sektorea egituratu duten beharginentzat. Halaber, 2009rako beste EEP deialdi bat izango da; lanpostu kopurua ez da erabaki oraindik, baina Haurreskolen partzuergoak hasteko 125 hutsune osatu behar direla dio.

2.- Akordioak iraungo duen hiru urteetan lanaldia 21 ordu murriztuko da.

3.- Soldata igoerak KPIz gaindikoak izango dira: %4’75 2007rako eta %4’22 2008rako, berrikus daitekeena; sindikatuon helburua, irakaskuntza publikoarekiko dagoen aldea murriztea, bideratuta geratzen da.

4.- Beste hainbat puntutan ere hobekuntzak lortu dira: koordinazio denbora gehiago; koordinatzaileentzako ordain ekonomikoa; bigarren mailara arteko senideekin medikutara joateko baimenak, etab.

Langile guztientzako aurrerapena dakar akordioak, baina badira hobetu beharreko puntuak oraindik. ELAk arreta berezia emango die: maila europarrera hurbilduko gaituzten ratioak; ordezkapenen kudeaketa egokiagoa, betiere egunero egin daitezen, eta irakaskuntza publikoarekiko homologazioari ekitea; datorren negoziazio aldian heldu beharreko gaiak ditugu. ELAk sektorean duen ordezkaritzak lan horri ekingo dio.

Dena den, ELA ez da azaldu hitzarmenaren ekitaldi ofizialera. Izan ere, planteatu den ekitaldiaren formatoa, ez dator bat, inolaz ere, irakaskuntzako beste sektoreetan azkenaldian Hezkuntza Sailak agertu duen jarrerarekin.