Aurrez hartutako erabakia

2007/11/30
ELAren iritziz izugarrizko gehiegikeria da 18/98 sumarioan dauden 46 pertsonen atxiloketa. Izan ere, Auzitegi Nazionalaren erabaki honek ez du oinarri juridikorik eta erabaki politikoa besterik ez da. Gainera, Auzitegi Nazionalak Epaitegi Berezia balitz bezala aritu da, Franko garaiko TOP tribunala bezala, hain zuzen ere.

ELAren esanetan jarduera judizial osoan zehar epaituen oinarrizko eskubideak ez dira kontuan izan eta aurrez erabakita zegoen epaia eman da.

Oinarrizko berme demokratikorik gabeko epaiketa izan da, Alderdien Legearen babesean euskal gizartearen zati handia kriminalizatu duena.

ELAk salatzen du erabaki honen bultzatzaileak egiten duten justiziaren erabilera, beti ere interes politikoen mesedetan.
ELAk, bestalde, auziperatuei eta beren senitartekoei elkartasun mezua igorri nahi die.

Datorren astelehenean, abenduak 3, ELAren Batzorde Nazionalak gai hau aztertzeko asmoa du eta protesta ekintzak ere planteatuko dira.