Aurten lanean hil diren pertsonak oroitzeko manifestazioa
2016/12/20

Aurten lan istripuetan hil diren 53 langileak oroitzeko milatik gora lagun bildu dira gaur goizean Bilbon izandako manifestazioan; protesta ekintza ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deitu dute. Manifestazioko partaideek izara zuri bana eraman dute hildako langileen oroitzapenez, eta krabelin gorriak utzi dituzte Confebask patronalaren egoitzaren aurrean.
Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak prekarietatea aipatu du lan istripuak gehitu izanaren zergati nagusi gisa, eta Hego Euskal Herriko gobernuen jarrera salatu du, izurri honi aurre egiteko borondaterik ez dutelako : “Prekarietatea, enpleguaren kalitate txarra eta neurri egokien gabezia dira lan istripu eta gaixotasunen arrazoi estrukturalak”.
Era berean, Muñozek kargu hartu die Euskal Herriko gobernuei lan osasunean egin dituzten murrizketengatik. “Gastua ia hutsean geratu da; ez da BPGaren %0,020ra ere iristen. Arlo honetan ere gobernuek ez dute patronalaren interesen aurkako erabakirik hartu nahi. Ez dago benetako kontrolik, ez ikuskatzerik, eta ez da disuasio-zigorrik ezartzen”.