Autlan EMD SLU (Cegasa) enpresa zigortu dute langile bat azido sulfurikozko laino azidoen gehiegizko eraginpean izan zuelako

2022/10/17
Eibarko Lan Arloko 1. Auzitegiak osotasunean ontzat eman du Oñatiko langile batek egindako demanda, Bidelagun Fundazioakek bideratu eta defendatutakoa, Autlan EMD SLU (Cegasa zena) enpresaren aurka, azido sulfurikozko laino azidoen gehiegizko eraginpean izan zutelako. Gaixotasun profesionala aitortu du epaiak, laneko asma, eta langileak lan harremana etea eskatu du, baita kalteordaina ere, bere osasunari eragindako kalteagatik.

Bidelagun Fundazioaren iritziz, epaia lorpen handia da; gainera, enpresaren aurka prebentzio arauak urratzeagatik egin litezkeen erreklamazioei bide ematen die.

Bidelagun Fundazioa ELA sindikatuak sortu duen erakundea da lan istripuei eta gaixotasun profesionalei erantzun espezializatua emateko. Kasu honetan, enpresari galdegin zitzaion lan harremanaren amaiera ordaindua, baita kalteengatik ordain gehigarri bat ere. Auzitegiak arrazoia eman dio Bidelaguni, epaiak onartzen baitu ez zirela bete prebentzio arauak, eta aitortzen du langileak elementu toxikoen eraginpean izan zirela:

“... enpresak oro har lan arriskuen prebentziorako arauak bete behar zituen arren, zeintzuk gutxienez 70. urtetik indarrean ziren, eta zehazki 347/2011 Errege-Dekretua medio, 2017 urterarte ez zen hasi neurketak egiten, ez ordea azido sulfurikozko laino azidoen eragina gerta zitekeen gune guztietan; areago, data horretatik aurrera neurketen emaitza urtez urte onartezina izanagatik ere, 2018ra arte langileei ez zizkien eman zegozkien EPIak, zeintzuk bestalde ez ziren espezifikoak esposizio hartarako.

(…) langileak arriskuaren eraginpean izan ziren enpresa jakitun zelarik, 2017ko lehen neurketatik hasita eta gutxienik urtebetez, inolako neurririk hartu ez zelarik. Halaber, txosten horretan jasota dago azido sulfurikoa funtsezko elementua dela enpresaren prozesu produktiboan, eta haren ordez ezin dela beste gai kimikorik baliatu; haatik, enpresak 2017 urterarte ez zuen neurketarik egin. Areago, neurketak ez zituen egin eragin horren pean izan zitezkeen gela guztietan, izan ere, laino azidoak izanik hauek hedatuko bailirateke tailer eta produkzio guneetara ez ezik, baita inguru komun eta atseden guneetara ere”.