Auto-karabana, Bizkaiko metalgileena, beren hitzarmenaren alde

2019/11/05
Gaur, azaroak 5, asteartea, auto-karabana batzuk abiatu dira Sidenor eta Artetxe lantegietatik Loiuko Olarra Altzairu Herdoilgaitzetako instalazioetaraino. Ekimen hori Bizkaiko metalgileen mobilizazioetako beste bat izan da, beren hitzarmen kolektiboaren alde. Karabana-ekitaldia amaitu ostean, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek negoziazioaren oraingo egoera azaldu dute, alegia, negoziazio-mahaiko urriaren 30eko bilera egin ondoko egoera. Sindikatuetako ordezkariak "oso haserre" daude, azken bileraren ostean, zeren FVEMk berriro galdu baitzuen aukera, ganorazko negoziazio-prozesu bati ekiteko. "Azken grebetatik hilabete oso bat igaro da, eta FVEMk mahaira ekarri duen proposamenean lehengo alderdi atzerakoi berberak daude (aldi baterako ezintasuna eta malgutasuna), eta mugimendu bakarra soldata-igoera urri bat izan da" adierazi dute.

Sindikatuek patronalaren negoziazio-borondaterik eza salatu dute, eta tamaina handiko enpresa batzuek Bizkaiko Metalgintzaren Hitzarmenean duten erabaki-ahalmena maiseatu. Enpresa handi horiek hauexek dira: Industrias Turbopropulsoras (ITP), Aceros Inoxidables Olarra, Sidenor, Arteche. Sindikatuek enpresa horiei leporatu diete hitzarmena bahiturik edukitzea, akordioak blokeatu baitituzte. "Aceros Inoxidables Olarrak 19.000.000 euroko etekinak lortu zituen 2018an, eta ia etekin horiek guztiak sakeletara joan ziren dibidenduetan. Industrias Turbopropulsoras (ITP)k 61.000.000 euroko etekinak lortu, eta dibidenduetan 23.000.000 € banatu ziren. Sidenor-ek, 2017an, 58.000.000 €-tik gorako mozkinak eskuratu zituen, eta 2018an 30.000.000 euro, eta dibidenduetan ia 70.000.000 banatu zituen. Hiru enpresa horietan emakumeen kontratazioa %7 eta 15 bitartekoa da. Sidenorren, esaterako, 30 enpresa azpikontratatu dituzte, non guztira 400 langile lan egiten duten. Arteche, Olarra eta ITP bezalako enpresetan behin-behinekotasuna %10etik gorakoa da. Datu horiek argiro erakusten dute enpresa horietan prekarietatea sustatzen dela. Jabeak sakelak bete dabiltza, eta langileei lan-baldintza duinak ukatzen dizkiete" salatu dute ordezkari sindikalek.

Sindikatuek dei egin diete Metaleko gainerako enpresei, mahaian kolpe bat emateko, eta negoziatzen hasteko. Gainera, ziurtatu dute borrokan jarraituko dutela Bizkaiko Metalgintzaren Hitzarmen duin bat lortu arte, grebak eta lanuzteak egiteko aukera baztertu barik.

Azaroaren 6an, asteazkena, 10:00etan, Metaleko langileek BECera eramango dute beren protesta, han FVEMek ekitaldi bat izango du-eta.

Azaroaren 7an, osteguna, negoziazio-mahaiak beste bilera bat egingo du.