Autobus gidari batek Durangon jasotako irainak salatu nahi ditu ELAk

2023/01/27
Bizkaibusen zerbitzua ematen duen Avanza Durangaldea enpresakoa da gidaria eta urtarrilaren 21ean sufritu zuen berbazko erasoa, NON klub ezagunetik gertu. Poliziak lagundu behar izan zuen ibilgailua husterako orduan.

NON areto ezagunetik irtenda, Bolunburuko geltokian igo ziren autobusera erasotzaileak. Enpresa komiteak esan bezala, lehenago ere salatu izan dute, bai enpresan eta bai Bizkaiko Foru Aldundian, NON-etik heltzen diren bidaiariek, askotan, arazoak sortzen dituztela eta arriskua direla gainontzeko bidaiari eta gidarientzat.

Aurreko batean, linea bertan behera uztea erabaki zuen komiteak eta, enpresak, inoiz ere desbideratu izan du ibilbidea. Baina arazo larri honek aldaketa estrukturala behar duela azpimarratu du komiteak, ez behin-behinekoa.

Oraingoan, erasoa berbazkoa izan da, baina azken hileotan irainak eta eraso fisikoak ere jasan dituzte Bizkaibuseko zenbait gidarik. Horregatik, neurri egokiak lortzen saiatzeko eta mota honetako egoerak behingoz bukatzeko jarraituko du lanean komiteak.