EAE-KO JUSTIZIA

Auzi handiak EAEko Justizian

2023/06/05
Milaka epaiketa geratu dira bertan behera azken hileotan EAEn, Justiziako funtzionario eta epaileen borroken ondorioz. Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorrarekin parekidetasuna eskatzen dute lehenek. Baliabide gehiago bigarrenek.

EAEko Justiziako langileek ez dituzte onartzen egun dituzten baldintzak. Funtzionarioak eta epaileak ari dira egoera aldatzeko lanean, baina akordioetara heltzeko malgutasun gutxi erakusten ari dira Gobernuak. Gasteizek ez ditu eskumen guztiak, baina horietako asko bai, horregatik daude langileak Lakuak eman behar lukeen urratsaren zain, mobilizazio berriak antolatzen dituzten bitartean.

Ez da kontu berria, baina. 2012an hasi ziren Justiziako funtzionarioak Jaurlaritzaren Administrazio Orokorreko lanpostuekin parekatzea eskatzen. Izatez, gobernu beraren menpe egonda ere eta lan mota parekidea egiten badute ere, baldintza eskasagoak dituzte Justiziako administrazioko langileek Administrazio Orokorrekoak baino.

Soldata igoerak

Ordainsari eta erretiroari dagokionean, % 12aren inguruko igoerak eskatzen dituzte, beti ere kidegotzaren araberako aldaketekin. Hau da: kudeaketa kidegoarentzat 4.400 euro inguru gehiago urtean (%12,26ko igoera), izapidetze kidegoarentzat 3.800 euro inguru gehiago urtean (%12,90eko igoera) eta laguntza kidegoarentzat 3.300 euro inguru gehiago urtean (%12,26ko igoera). Horrek Administrazio Orokorreko soldata-taulekin parekatzea ekarriko luke.

Genero-indarkeriaren epaitegia

Egoera berezia bizi dute genero-indarkeriaren epaitegietako langileek. Adibide bat jartzearren, artatu behar duten pertsona bulegoa itxi baino bost minutu lehenago helduta ere, gai larria izateagatik, prozesua hasi eta bukazeko betekizuna dute langileek eta, ondorioz, ordu estrak egitea ohikoa dute. Horregatik, plantilla horrentzat soldata osagarria eskatzen dute: gai horretan espezializatuak diren epaitegietako langileentzat 340 euro gehiago hilean, eta gai horietaz gain beste batzuk lantzen dituzten epaitegietako langileentzat hilean 190 euro gehiago.

Balorazioak eta ordutegiak

Lanpostuak baloratzeko prozesua martxan jartzea beharrezkotzat jotzen dute administrariek ere. Balorazio horretan, langileen aktibitatean eragina izan duten aldaketei erreparatu beharko litzaieke, nagusiki digitalizazioari, Avantius programaren ezarpenari eta antolaketaren eraginkortasunari buruzko Lege Organikoaren Proiektuari. Estatu espainiarrean, epaitegiak 9:00etatik 14:00etara arte egon behar dira zabalik herritarrak artatzeko, eta hor Gasteizek ez du eskumenik. Baina administrazioko langile guztiei ordutegi bakarra jarri beharrean, Jaurlaritzak hainbat ordutegi onartu ahalko lituzke, kontziliazioan laguntze aldera, adibidez.

Gauzak horrela, ELAk hiru ordutegi proposatu ditu, LABekin batera: Lehena, egunean zazpi ordu eta erdiko ordutegi arrunta; bigarrena, egunean sei ordu eta erdiko ordutegi murriztua, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra; eta hirugarrena, lanaldi arrunta goizez baina, astean langileak aukeratutako bi egunean, goizeko bi ordu arratsaldez lan egin ahal izatea.

Eta epaileek, zer?

Epaileek, legez, ezin dute sindikatuetan izena eman eta ez daukate greba egiteko eskubidea. Horren ordez, elkarteetan sartzen dira batzuk eta, gobernuei presioa egiteko, legeak onartzen dituen bideei jarraituta, epaiketak suspenditu ahal dituzte, lana pilatuz eta boterean daudenak estutuz. Gaur egun, EAEko epaileak soldatak igo eta baliabideak areagotu ditzaten eskatzen ari dira. Gogoratu beharra dago oso epaile gutxi daudela Estatu espainiarrean Europarekin alderatuta: 100.000 biztanleko, 11,24 epaile Estatuan eta 17,60 Europan, batez beste.