Auzibidea Bizkortzeko Legeak administrazioen aurka jotzeko ateak ixten ditu

2011/11/02
Azaroan sartu da indarrean Auzibidea Bizkortzeko Neurrien Lege-egitasmoa. Erreforma Diputatuen Kongresuak onartu zuen irailaren 22an PSOE, ERC, EAJ eta CIUren aldeko botuekin. ELAren iritziz, aldaketa berriek oinarrizko eskubideak ukatzen dizkie langileei beren lan-baldintzak defendatu behar dituztenenean. Oinarrizko eskubide laboralak defendatzeko ( adib. oporrak, baimenak edo janaldi murrizketa bat) ordaindu egin beharko dute hemendik aurrera.

Guzti honen aurrean, ELAk kanpaina bati ekingo dio eragindako kolektiboei egoera azaltzeko. Era berean, administrazioak eta horietan agintzen duten alderdi politikoak interpelatuko ditu, kasu hauetan kostuen  ordainketa eskatu ez dezaten. Horrela bakarrik bermatu daiteke kolektibo hauen Justiziarako eskubidea. 

Igor Eizagirre, Gizalan federazioko arduradunak eta Amaia Aierbe, zerbitzu juridikoetako arduranak azaldu dira prentsaren aurrean Bilbon lege honen ondorioak azaltzeko.

Legearen zergatia hitzaurrean bertan dago azalduta: auzi-prozesuen kopurua ia %33 igo da azken urteotan; hori dela-eta, erreforma baten beharra bistakoa da, "sistemaren iraunkortasuna ziurtatu nahi dugu, eta herritarrei zerbitzu publiko honen kalitatea bermatu nahi badiegu”.

Justizia Ministerioaren arabera, legearen asmoa auzibide zibilaren eta administrazioarekiko auzibidearen izapideak erraztea da; ekonomiaren krisiaren ondorioz aipaturiko bi arloetako auzien oldeak Espainiako epaitegiak gainditu baititu. Horretarako, erreforma berriaren helburua “izapideak erraztea, beharrezkoak ez diren izapideak ezabatzea, eta neurriz gainezko auzialdiak edo instantziak mugatzea; Justiziaren administrazioa azkarragoa, modernoagoa eta eraginkorragoa izan dadin”.

Horixe da adierazitako helburua, baina errealitatea oso bestelakoa da. Hala ere, nahi omen den bizkortze hori lortze aldera ez zaio baliabide gehiagorik atxikiko Justizia Administrazioari, ez baliabide materialik, ez teknikorik, ezta pertsonalik ere; auzibideak bizkortzeko hautatu den modua errekurtsoak jartzeari zailtzea eta eragoztea izan da. Lañoki esanda, benetako helburua herritarrek helegite gutxiago jartzea lortzea da. Helburu hori lortzearren, bi modu proposatu dute: goiko auzialdietarako sarbidea mugatzea eta kostuetarako kondena hedatzea. Hori horrela, Justiziaren arloko eskubideak eta bermeak nabarmen murriztuko zaizkie herritarrei.

AUZITARA JOTZEKO AUKERAK BAKANDU:

 Epaileen zenbait ebazpeneni aurka egiteko errekurtso-aukerak mugatu dira:  

Auzibide zibilari dagokionez, apelazioa ezabatu da ahozko epaiketetatik, 3.000 euro arterainoko diru-kopuruetan; eta kasazio-errekurtsoa jarri ahal izateko kopurua 150.000 eurotik 600.000ra igo da.

Administrazioarekiko auzibidean, apelazio-errekurtsoa jarri ahal izateko kopurua 18.000 eurotik 30.000ra igo da; eta kasazio-errekurtsoaren kasuan 150.000 eurotik 600.000ra.

Neurri horiek de facto ekarri dutena Justiziara iristeko bidea bikoiztea izan da. Aurrerantzean dirudunek, auziak hain maila handikoak dituztenek, auzialdi guztietatik igarotzea izango dute, epairik bidezkoena edo egokiena lortu arte; eta bestaldetik, jende arruntarentzako aukera bakarra izango da; izan ere, jende arruntak lehen auzialdian ematen den epaiarekin etsi beharko du, ez baitu errekurtso jartzerik izango, epaia oso desegokia izan arren. 

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIBIDEAN ERE KOSTU-EZARPENA JARTZEA:

Lege berriaren arabera kostu-ezarpena izango da irizpide objektiboa lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean. Hau da, kostuak ezartzea izango da arau orokorra, auzitegiak iritzitako salbuespenak salbuespen. Orain arte ez ziren kostuak ezartzen lehen auzialdian, fede txarraz edo ausarkeriaz jokatu ez bada.

Neurri horren ondorioz funtzionarioen egoera juridikoak okerrera jo du, langile diren aldetik dagozkien eskubide eta lan-interesen alde jokatu nahi izatekotan, herri-administrazioa baitute enplegatzaile.

Erreforma horren karia funtzionarioei auzibide horretara jotzeko asmoa kentzea da, kostuak ordaintzera kondenatua izateko arriskua dago-eta. Hortaz, norberaren kontuetarako baimena emateari Administrazioak uko egiten badio, eta funtzionarioak hori dela-eta auzitara jotzen badu, ehunka euroko kostuak ordaindu beharko ditu, epaia kontrakoa baldin bada. Hori onenean ere, diru-kopuru txikiko kasu batean alegia; baina diru-kopuru edo zailtasun handiagoko auzietan kostuak askoz jasoagoak izan daitezke.

Azkenik, arautze horrek diskriminazio larria sortu du besteren konturako langileekiko. Haiei doako justizia aitortu die legeak, eta baita horrekin batera doazen abantailak ere (gora jotzeko gordailurik jarri behar ez izatea, doako aditu-frogak...)

ONDORIOA:

Epaitegiak egunean jarri nahi dituzte; eta, horretarako, aurkezten den auzi-kopurua jaitsiko dute, herritarrek auzitara jotzeko dituzten aukerak murriztuz. Modu hori, gure aburuz, oso larria da.

Epaitegiak gainezka badaude, gizarteak auzitara gero eta gehiagotan jotzen duelako da; eta konponbidea baliabide gehiago atxikitzea da —materialak, teknikoak eta pertsonalak—, eta ez auzitara jotzeko aukerak mugatzea.