Auzitegi Gorenak berretsi du Arriagako langileei ezin zaiela soldata murriztu

2012/11/23
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Arriaga antzokiaren errekurtsoa eta arrazoia eman dio ELAri; sindikatuaren arabera, funtzionarioei ezarritako soldata murrizketak ezin zitzaizkien antzokiko langileei aplikatu. Goreneko Lan-Arloko Aretoaren ebazpena azaroaren 20an eman da ezagutzera, eta Arriagak sartutako kasazio errekurtsoa ez onartzea erabaki da; errekurtsoa EAEko Goi-Auzitegiko epai baten aurka sartu zuen erakundeak.

 

2011ko abenduan EAEko goi-auzitegiak aintzat hartu zuen sindikatuaren demanda: ELAk salatu egin zuen funtzionario publikoei ordainsarietan egindako murrizketak antzokiko enplegatuei ere ezartzea; Arriaga Bilboko Udalaren merkataritza-sozietate bat da. Epai hark zioenez, soldata murrizketa ez zaie udal-titulartasuneko merkataritza-sozietateei aplikatzen, esaterako Arriaga antzokiari. Gorenak orain ebazpen hura berretsi du.

ELAren ustez Auzitegi Gorenak eman duen autoa “lorpen oso handia da murrizketak eta eskubide urratzea ohiko bihurtu den garaiotan”; honek agerian uzten du langileak “antolatu egin behar direla” beren lan- eta bizi-eskubideak defenditzeko, izan ere, “borrokatzeak merezi baitu”. Epaia irmoa da eta ez dago errekurtsorik sartzeko aukerarik.