Auzitegi Gorenak ez ditu onartu KOYO enpresaren kaleratzeak
2014/05/08
Auzitegi Gorenak deuseztzat jo du Koyo enpresak ELAko afiliatuak kaleratzeko asmoz hasita zeukan Enplegu Erregulatzeko Espedientea.
Epaian kaleratuen askatasun sindikalaren eskubidea urratu dela aitortu da, eta modu solidarioan KOYO eta JKET EUROPE kondenatu dira kaleratutako langileak berriro lanera onartzera.
Halaber, frogatutzat eman da EEEren zerrendan agertzen diren pertsonak ELAko afiliatuak izateagatik agertzen direla, eta enpresaren erantzuna izan zela, langile horiek egin zuten greba batengatik.
Bereziki larria da EEE horrek UGTren sinadura eramatea. Berriz ere UGTk lan zikina egin dio enpresari, eskubideen alde borroka egiten zuten langileak garbitzean. Aurrekontu publikotik bizi diren sindikatuek rol negargarri hori jokatzen dute. Izan ere, hautatu duten sindikalismo-mota hori eginez patronala da nolabaiteko zilegitasuna onartzen dien bakarra.