Auzitegi Gorenak Itunpeko Gizarte Ekimeneko hitzarmena bere osotasunean berreskuratzen duen akordioa onartu du
2014ko urrian Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza dugun sindikatu eta patronalek hitzarmena bere osotasunean berreskutazen zuen eta gatazkari amaiera ematen zion akordioa sinatu genuen. Orain, ordea, Auzitegi Gorenak akordioa bere egiten du erabateko lege-balioa emanez.
Honela, azken urteetako gatazka luze eta gogorrari, bost greba egunetik gora tarteko, amaiera eman eta sindikatuok hasieratik mahai gainean jarritako erreibindikazioak aintzat hartzen dituen akordioa bere osotasunean indarrean sartuko da hemendik aurrera.
-
Hitzarmena oso-osorik berreskuratzen da, eta patronalek Auzitegi Gorenean sartu zuten helegitea bertan behera geratzen da.
-
Hitzarmenaren ultraaktibitatea hurrengoa sinatu arte mantenduko da.
-
Hitzarmeneko soldata-taulen ordaina berrezartzen da, ahalik epe laburrenean, beti ere 2015 amaiera baino lehenago (eta 25.000 €tik beherako soldaten kasuan, berehala, azken batzorde parekidean adostu moduan), zuzenean finantziazio publikoarekin lotu gabe.
-
Taulak bete-betean ordaindu arte metatu den zorra aitortzen ari da ikastetxez-ikastetxe, eta hau kitatzeko modua ere arautua.
-
Soberan dauden langileak birkolokatzeko eta sektoreko enplegua mantentzeko mekanismoak garatzean ari gara, azken batzorde parekidean adostu zen bikokatze boltsa abiapuntu delarik. Halaber, gardentasuna hobetzeko eta langileen parte hartzea areagotzeko prozedurak ezartzen dira.
-
Hezkuntza Laguntzako Espezialistak irakaskuntza publikoko funtzio bera duten langileekiko %95ean homologatzen dira.
-
Zailtasun bereziki handiak dituzten ikastetxeei, betiere arazoak objektiboak eta behar bezala justifikatuak direnean, irtenbidea emateko aukera eskaintzen da; ezinbestekoa da, ordea, langileen ordezkari legalen adostasuna, eta eragotzi egiten da erreforma laboralean jasotako derrigorrezko arbitrajea.