Auzitegi Gorenaren bitarteko lan kontratuei buruzko epaiak ez du zerbitzu publikoaren behin-behinekotasunaren arazoa konpontzen

2021/06/29
ELAk uste du Auzitegi Gorenaren zuzenketak, beste behin ere, erakusten duela sektore publikoan aldi baterako kontratazioak neurriz kanpo erabiltzen direla, baina ez du arazoa konpontzen: konponbidea behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langileak behin betiko finkatzea baita, hau da, kontsolidatzea. Hego Euskal Herrian 70.000 langile daude egoera horretan. Gainera, Espainiako Gobernuaren proposamena ez doa bide onetik: arazoari aurre egiteko tresnarik ez eskaintzeaz gain, zerbitzu publikoan urte luzez jardundako langilea kaleratzeko aukera zabaldu du. ELAk azpimarratu nahi du euskal erakunde eta alderdi politikoek zerbitzu publikoak indartzearen alde egin behar dutela, lanpostuak finkatuz eta enplegu publikoa sortuz. Baita pribatizazioari atea itxiz ere. Horregatik, beharrezko mobilizazio guztiak bultzatzen jarraituko du ELAk.

Bitarteko lan kontratuen inguruan Auzitegi Gorenak emandako epaia ezagutzeke, ELAk honako ideia hauek azpimarratu nahi ditu, Auzitegiak berak argitaratutako prentsa oharra abiapuntu duela:

Alde batetik, gogoratu behar da epaiak bitarteko lan-kontratua duten langileei eragiten diela, eta ez funtzionarioei edo estatutupeko langileei. Beraz, EAEren kasuan, epaiak 16.000 langileri eragin diezaieke (%12). Nafarroan, aldiz, sententziak jasotzen duena aplikagarria zaion kontratu administratiboa dago.

Orain arte, Auzitegi Gorenak iraupen mugatuko kontratuen berriztapena onetsi izan du, bai behintzat lanpostu huts horiek behin betiko betetzeko hautaketa-prozesuak amaitu bitartean, eta prozesu horiei ez zien amaiera eperik ezartzen. Gainera, debekatu egiten zuen langile horiek mugagabeko langile finko bihurtzea, eta kalte-ordaina ere baztertzen zien. Epai berriarekin, ordea, Auzitegi Gorenak jarrera zuzendu, eta EBJAk adierazitakoari jarraituz, hemendik aurrera honako hau ezartzen du:

  • 3 urtetik gorako bitarteko lan kontratuak mugagabe ez-finko bihurtuko dira, eta lanpostu huts horiek legezko prozeduraz bete arte mantenduko dira. ELAren ustez, neurri hori egokia izan daiteke iraupen mugatuko kontratuen gehiegizko erabilera zigortzeko.
  • Gainera, kasu horretan, kontratu mugagabe ez-finkoa bukatzean, langileak kalte ordaina jasotzeko eskubidea izango du.