Covid-19
Auzitegi Gorenean irabazi du ELAk lan orduetatik kanpo egindako diagnostiko proben kasua

Adimen-urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkartea da Gorabide eta, pandemia garaian, koronabirusaren diagnostiko probak eginarazi zizkien langileei. Baina Gorabideren erabiltzaileen profila dela eta, diagnostikoak oso ohikoak ziren eta lan orduetatik kanpo egin behar ziren askotan.
Auzitegi Goreneko epaileak esan duenez, Gorabidek aginduta egin behar zituzten lan orduz kanpoko diagnostiko horiek langileek. Gainera, osasun-protokoloak betetzeko agindua zela azpimarrtu du. Gauzak horrela, lan egindako denbora hori lan denboratzat hartu behar dela esan du epaileak.
Langileek orain eskatu ahal izango dute bi orduko konpentsazioa, lan orduz kanpo egindako diagnostiko bakoitzagatik. Epaia irmoa denez, gainera, ezingo da horren kontrako errekurtsorik jarri.
ELAk 2021eko urtarrilean jarri zuen gatazka kolektiboa Gorabideren aurka eta oso pozik agertu da epailearen erabakiarekin.