Auzitegi Konstituzionalak berriro eraso dio Eusko Legebiltzarraren autonomiari

2014/07/02
Auzitegi Konstituzionalak berriro murriztu ditu EAEren eskumenak eta autonomia; oraingoan Rajoyren gobernuaren alde egin du, Patxi Lopezen garaian Legebiltzarrak onartu zuen Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundearen (BGAE) legearen aurka sartu zuen errekurtsoa dela eta.

Lege hau erabaki zenean ELAk adierazi zuen bere aurkako jarrera, batik bat gobernu-organoetan gehiengoen arauak errespetatzen ez zirelako eta ez zelako enpleguko BGAEen alde egin. ELAk ostera ere Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio ekin diezaion debateari Euskadin sustatu eta bultza nahi dugun BGAE ereduari buruz; Gasteizko gobernuak eskari hori behin eta berriz saihesten du.

Erabaki hau Konstituzionalaren berzentralizatzeko grinaren azken alea dugu; oraingoan dio Legebiltzarrak erabakitako legea merkataritza arloko eskumen estatalak erasaten dituela, baita aseguru pribatuen Ordenamendu Oinarriak ere.

Nolanahi ere, ez dugu legea bera epaitu nahi, auzitegi espainiarraren eta Urkulluk gidatzen duen gobernuaren jarrerak baizik. EAJren exekutiboak alde batera utzi du urte askotan hartu izan duen jarrera (Konstituzionalera ez zuen jotzen inondik ere ez zelako inpartziala), eta orain hau ahaztuta estatuari politikoki aurre egin ordez Madrilekin dituen desadostasunak auzitegi horretan konpontzea nahi du. Auzitegi Konstituzionalaren izaera, oraintxe BGAEen Legearen eskumenen aurka ebatzi duen honena, zein den alde batera uztea pentsaezina da.

Halere, Urkulluren gobernuak Madrilekiko aldebiko harremanean tematzen da, existentziarik ez duen bilateraltasun horrekin herri honetako autogobernuan aurrera egitea posible bailitzan. Baina erabat ezinezkoa da; Rajoyk bide horretatik jarraitzeari uko egiten dio, batetik, eta bere irizpideak behin eta berriz inposatzen ditu, horretarako politikaz eta Auzitegi Konstituzionalaz baliatuz: Eutsi nahi dio bere erabakitzeko ahalmenari, autonomia-erkidegoetan legeak zertaz egin daitezkeen, eta zertaz ez, esateko.

Gure autonomiaren aurkako beste zenbat epai behari izango ditu EAJk estrategiaz aldatzeko? Noiz konturatuko da EAJ bilateraltasunik ez dagoela?