Auzitegi Nagusiak berretsi egin duenez Berra egoitzak langile grebalarien funtsezko eskubideak urratu ditu

2014/05/14
Sar Quatitae enpresak errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Nagusiaren aurrean eta honek arrazoia eman dio ELAri berriro. 2013ko azaroan emandako epaian enpresari kalte-ordain handiak ezarri zitzaizkion grebalarien funtsezko eskubideak urratseagatik.

2013ko azaroan Donostiako Lan-arloko 2 zk.ko Epaitegiak epai bat eman zuen, ELAren eta Berra Egoitzako 16 langileren eskariaz, zeinaren bidez aitortu baitzen Sar Quavitae enpresak 2 funtsezko eskubide urratu ziela 16 langile grebalariei (grebarako funtsezko eskubidea eta askatasun sindikalerako eskubidea). Gainera, enpresari kalte-ordain handiak ezarri zitzaizkion, aipaturiko urraketak larritzat jo baitziren.

Sar Quavitaek errekurtsoa jarri zion epaiari Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta orain auzitegi horrek ezetsi egin du osotasunean enpresaren errekurtsoa, hasierako epaia berretsi, eta enpresari epaian ezarritako kalte-ordainak ordaintzera behartu.

ELAtik gogora ekarri nahi dugu Sar Quavitae enpresak 18 langile kaleratu zituela irailaren 27an Gipuzkoako egoitzetako hitzarmen kolektibo baten aldeko greban egoteagatik. Kaleratze haiek Donostiako Lan-arloko 5 zk.ko Epaitegiak deuseztatu zituen, eta orain Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak errekurtsoak noiz ebatziko dituen zain gaude.

ELAtik gure poza agertu nahi dugu epaileen ebazpen horregatik. Epai horrek agerian utzi du enpresaren estrategiaren helburua. Izan ere, Sar Quavitae eta Adegik langileak kokildu eta hertsatu nahi zituzten, haien borrokaren xedea lan-baldintza duinak eta akordioak beteko direlako bermeak lortzea besterik ez bazen ere.

ELAk askotan erakutsi izan du elkarrizketara eta akordiora irekita zegoela; baina inoiz ez du oihartzunik aurkitu Sar Quavitaren aldetik, zeinak, gatazka luze horren bukaera eztabaidatu eta itundu beharrean, aurrera egin baitu, bere diru-indarraz baliatuz, eta nahiago izan du lan-kontratuak bikoiztea, milioikako kalte-ordainak ematea, eta izapidetze-soldata handiak ordaintzea, gipuzkoar guztiok ordaintzen ditugun zergen kontura.

Azkenik, ohartu beharrekoa da gatazka amaitu gabe dagoela Berra Egoitzan, eta lehenago edo geroago, Sar Quavitae enpresak eskueran dituen baliabideak jarri beharko dituela gatazka hori adostasun bidetik bukatzeko. Ez dago horrelako enpresa-estrategiei eusteko moduko altxortegirik, enpresaren bideragarritasuna bera arriskuan jarriko da-eta.